Gabonetako bueltan, Alejandro Tapia artista hil zen. Ez zen zalaparta handiren lagun izan bizirik zegoen bitartean, eta heriotzan ere isiltasunak inguratu du.
Orain dela gutxi ezagutu nuen pintorea, irailean Usurbilen antolatutako bisita gidatu baten harira. Luxuzko bisitaldia izan zen, Usurbilgo artelanak artistekin beraiekin ezagutzeko aukera izan baikenuen. Harrigarria bada ere, Harria hitz izeneko bisitaldiak Ur taldeko partaide bat ezagutzeko aukera eman zidan.
Nire ezjakintasunean ez nekien Usurbilen bertan dagoen horma pintura bat Alejandro Tapiak egindakoa zela. Baliteke Tapiaren lanik onena ez izatea alderdi estetiko batetik begiratuta, baina harrituta begiratu nion guri buruz eta gure herriari buruz pintada hark ematen zuen informazioari, mural horrek Euskal Herriaren historiaren zati bat kontatzen baitu hormako mututasunetik.
1985. urtean pintatu omen zuen, Herri Batasuna koalizioaren aldeko ekintza moduan. Ipar Irlandako muralen antzera, jende multzoa azaltzen da eskuetan daramaten pankarta baten atzean, eta, distantzian, lelo ezberdinak dituzten beste pankarta batzuk ikusten dira. «Alaitsu eta borrokan kementsu», jartzen zuen muralaren goialdeko ertzean. Jartzen zuela diot, gaur egun ezin delako irakurri, 2009. urtean Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoaren aginduz zeharo hondatu zutelako. Aipatutako pankarta horietako batean presoen aldeko aldarria irakurtzen zelako agian, ezabatzeko agindua eman zuten, eta, horren ondorioz, muraleko hizkiak eta aurpegiak pintura grisez estali zituzten Ertzaintzaren babespean.
Erabaki irrigarri eta iraingarri horrek ondo adierazten du memoriaren aldarrikapenak zer esan nahi duen batzuentzat: garai bateko historia eta erosoak ez diren mezu batzuen ezabatzea, alegia. Hala ere, Alejandro Tapiari horma pintura jatorrizko egoerara bueltatzea eskaini zitzaionean, nahiago izan zuen zegoen bezala laga, eta jatorrizko lana gogorarazteko plakatxo argazkidun bat jartzea, azalpen testu baten bidez lagunduta artelanaren testuingurua ezagutzeko.
Horregatik, etxe bateko behe aldeko horma guztia hartzen duen margolana gaur egun Usurbilen dagoen artelan interesgarrienetakoa bihurtu da, artelanak ez daudelako eduki estetiko hutsez beteak: testuinguruak eta esanahiak osatzen dute artelanen interesa; horregatik, sarritan artista baten gehien zaindutako artelanak ez dira izaten interesgarrienak, 2017. urtean Picassoren Gernika koadroak 80 urte beteko duela-eta behin baino gehiagotan gogoraraziko diguten modura.

BEGIZ
Alejandro Tapiaren omenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu