Ismael Manterola
BEGIZ

Altxerri

2023ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Galeria gutxik betetzen dituzte 40 urte. Donostiako Altxerri garai bateko Euskal Herriko galeria historikoen artean geratzen den bakarrenetakoa da Bilboko Vanguardiarekin batera.

40. urtebetetzea duelako zoriondu behar dugu Altxerri galeria, baina, batez ere, horrek esan nahi duenagatik: arte galeria batek azken urteetako aldaketei aurre egin diola eta irautea lortu duela kontrako testuinguruaren aurrean. XX. mendeko 80ko hamarkadatik gaur egunera, artea ikusteko eta saltzeko moduak asko aldatu dira, nahiz eta ez dirudien aldaketarik egon denik. Alde batetik, 80ko hamarkada arte garaikidearen normalizazio garaia izan zen. Urte haietan, Espainiako Estatuak atzerapen nabarmena zuen arte garaikidearen onarpenaren esparruan, eta erakundeetatik lan handia egin behar izan zen normalizazio itxura emateko. Euskal Herrian egoera zertxobait hobeagoa bazen ere, batez ere erakundeei begira —Arabako Arte Ederren Museoaren bilduma, lurralde historikoetako aurrezki kutxek egindako lana, hainbat udalen ekimenak arte publikoaren alde—, orokorrean lan handia egin behar izan zen jendearen artean arte garaikidea normaltzat hartzeko; esango nuke elite ekonomiko kontserbadoreak ez zuela arte garaikideari buruz ezer jakin nahi, Guggenheimen etorrera iragarri zen arte 90eko hamarkadaren erdialdean.

Horregatik, balio izugarria daukate ekimen pribatuek egindako lana arte garaikidea zabaltzeko orduan. 80ko hamarkada ez zirudien garai onena arte garaikidea saltzeko, batez ere Euskal Herria krisi ekonomiko sakon batean murgilduta zegoelako, baina gero eta jende gehiago zaletu zen mota horretako kultur eskaintzara, batez ere gastatzeko diru pixka bat zuena. Gaur egungo testuingurua egokia dirudi arte garaikidearen salmentarako, baina gastatzeko dirua duen jendearen lehentasunak beste batzuk dira. Balio kulturalen transmisioan ez dugu asmatu eta auto, opor edo gaur egun esperientzia hitzaren bidez saltzen zaiguna dago modan.

Beraz, arte galerien iraupenak asko harritzen nau, beti kontrako egoera bati egin behar izan diotelako aurre. Altxerriren kasuan, gainera, musika mota bati lotutako tabernarekin batera sortu zen, kulturako bi esparruek elkar elikatuko zutelakoan. Hala gertatu zen ia bi hamarkadatan edo; gero etorri zen jazzaren gainbehera eta arte garaikidearena ere bai. Garaietara moldatzea izan da Altxerriren arrakasta eta, seguruena, irabazirako marjina handiekin ez itsutzea. Gero eta frankiziatuago dauden euskal hirietan babesteko moduko ekimenak iruditzen zaizkit horrelakoak. Hiri edo herrialde batean egiten den artea ikusteko aukera ematen diguten tokiak dira horrelakoak; bestela, nora joan gaitezke Euskal Herrian egiten den artea ikusteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.