Edozeinek, artista izan ala ez, bere jarduera amodioa egitearekin konparatzen du. Filmegileek, batez ere, ez dute aukerarik galtzen une oro alderaketa egiteko. Bada, edo zinemagile horiek pornoan aritzen dira, edo sadomasokistak dira. Filmazio bat, oroz gain, guda zibil bat da, ekaitz perfektua, harropuzkerien sutzarra, txikipark erraldoi bat. Arraioa, arrazoi dute: sexu-harremanak bezalakoak dira.
Filmak egitea umeak edukitzerekin ere konparatzen dute. Eta zuzen dabiltza, pelikulak erditzeak ondorengoak izatea bezain jarrera egoista gordetzen baitu: ni-a iraunaraztea. Halere, kamera baten atzean jartzeko gai den edozein zoro, arduragabe eta lotsa gutxiko pertsona miresten dut; Fitzcarraldo koitaduak.
Film oro porrot egitera kondenatua baitago. Zinemagileak bere ideia filmatzea onartzen duen unetik, amore emateko prest dago, bere lana prostituitu egingo dela baitaki: fideltasunez jokatzeko zailtasunak, kameraren zaraten trabak, produktoreen gogoa, ikuslearen buru-manipulazioak eta, noski, kritika eunukoen absurdukeriak. Horregatik, egileak bere ideiak ez lituzke gauzatu behar; buruan betirako gorde beharko lituzke. Puruak. Gaseosoak. Nobleak. Hori litzateke ausartena.
Baina koldar zoro horien sufrimendurik gabe ezingo genuke zinemaz gozatu. Woody Allenek ere filmazioak amodioa egitearekin konparatu zituen: «Itxaropentsu sartu, baina, orokorrean, desengainatuta ateratzen zara».
Horrek bai meritua, emaitza hala-holakoa izango dela jakinda. Talentuarekin baino, gogo gehiagorekin eginda. Betiko kanpai-jotzaileak dira —zinemagile gehienak, alegia—. Kaskarkeria mespretxatu eta zinemaren jenio gutxi horiek izar bihurrarazten dituzten erdipurdiko zinemagileak. Erraldoiez inguraturik gaude, baina ikusezinak dira. Ikusi ahal izango bagenitu, jenioak arruntak izango lirateke, eta arruntak inutilak.
Inutil laztanak. Baselina gabe filmatzen. Inork maitatuko ez dituen sasikumeak sortzen. Harresi batean irakurri nuen: «Potrozorririk eduki ez baduzu, ez duzu bixi bizi». Tira, harresi hori nik zikindu nuen.

Zinema. Zin-Zinez
Amodioa egin, amore eman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu