BI AHOTSETARA

Analogia

2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Pantailen garaian birus batek gogorarazi behar izan dizu aurrez aurreko ekintzek duten garrantzia. Musika entzuteko kaskorik garestienak dituzu, Spotify-en 3.000 disko zein baino zein hobeak, baina benetan faltan sumatzen duzuna zuzenean gaizki jotako akorde bat da, istant batez desafinatu duen ahots inperfektuaren xarma. Zuzenekoaren disonantziak.

Streaming-ek ez zaituzte guztiz asebetetzen, ezta 65 hazbeteko telebista erraldoian ikusita ere. Guztiak benetako zuzenekoaren kopia txarrak dira, ordezkapen hutsalak. Izan ere, kontzertua hasi aurreko urduritasun pizgarria faltan sumatzen duzu, biba hotsak, txaloak, eta hain gustuko duzun abesti horren erritmoan beste askorekin batera salto egitea zure gurarik irrikatuena izatera iritsi da hiru hilabete kontzertu batera joan gabe egon ostean. Guztia bihurtua da izan zenaren kopia txarra. Hain da horrela, goiko bizilagunaren pianoa ikasteko saiakera traketsekin ere emozionatzen zara, lehen gogaitzen zintuenean. Oinarrietara itzultzeko sentimen horretan kokatzen da zuzenekoaren behar ia fisiko hori. Zuzeneko musikak besarkatzen zintuen bezala inork ez zaitu besarkatu, baina ez zara orain arte konturatu.

Konfinamenduan bizi behar izan duzu bi hilabete luzez ohartzeko lehen zeundela benetan bakartua, online bizitza ideal bat eraikitzearekin obsesionatua. Hain da horrela, gauza asko egin dituzu ez zenituenak nahi, eta beste horrenbeste egin gabe utzi dituzu ez zituztelako Instagrameko cool irizpideak betetzen. Hortaz oharturik, zin egin diozu zure buruari benetan joan nahi duzun kontzertuetara joaten hasiko zarela, horrekin like askorik bilduko ez badituzu ere. Izan ere, denbora gutxiago pasatu nahi duzu kalitate ezin eskasagoko stories-ak igotzen offline esperientziaz gozatzeko, merkatuko azken kamerarik onenak ere ezin baitu benetan gustatzen zaizun taldearen zuzenekoak duen magia atzitu. Barru-barruko emozioak analogikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.