begona del teso
Eppur si muove

Antza, zinemak 80koan planto

2024ko apirilaren 5a
05:15
Entzun

Zinema kanibalok ederki dakigun bezala, aitortza eta begiramendu erabatekoa merezi duen Britaina Handiko Sight & Sound aldizkariari zerrendak gustatzen zaizkio. Are, era guztietakoak ditu laket. Ezagunena, hamar urtetik behin egiten duena dugu; bertan, planeta osoko kritikariei euren aburuz Historiako onenak diren ehun film zerrendatzea eskatzen zaie.

Zinemaz elikatzen garen makina bat jendaiak zerrenda hori noiz aterako espero desesperatuan ematen ditugu entrega eta argitaratze epearen azken egunak, kalapita, ika-mika eta liskar on baten desioan beti.

Iazkoak bazterrak eta haizeak harrotu eta altxatu zituen, gure poz handirako; derrepentean inork espero ez zuena gertatu baitzen, plataforma ausartenetan ikusgai duzuen Chantal Ackermanen 1975eko Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce. 1080 Bruxelles hiru orduko film intimo, sotil, mindu eta mingarriak Wellesen, Kubricken, Griffiten, Buñuelen eta abarreko guztien lanak gainditu eta zinema zinema denetik inork sortu duen zeluloidezko pieza hoberena izendatu zuten Unibertsoko mila kritikarik.

Atsegin ditu, bai, zerrendak Sight &Sound aldizkari ezinbestekoak. Dena zerrendatzen du: Zinemaren 50 western nahitaezkoak, Zinemaren 50 komedia baitezpadakoenak, Zinemaren 50 beldurrezko beldurgarrienak…

Izan daiteke, nola ez ba? Auskalo zein gaitz, gaixotasun edo buru osasunaren urratze-failaren seinale den, baina berriro diotsuet, gogoko, begiko ditu zerrendak Cahiers du Cinéma-ren senide ingelesa den S&S-ek. Eta gu, maleziaz, horren inguruko borroka eta eztabaidarako prest. Beti.

Ez pentsa, ez, noizbehinka egiten dituenik zerrenda horiek. Ez. Astero agertzen dira listatuak. Zazpi egunetik behin, zuzendari bati eskatzen diote bere hamar film maitatuak listatzeko. Eta gure kuttunak diren horrenbesteren hautu horien emaitzek eragiten dute artikulu honen lerroburuaren zioa.

Batzuen eta besteen hautuei begiratuz gero, duda-muda serio eta tristeetan geratzen zara, ez ote duten jotzen harropuzkeriaz. Egiten al dute denek ustepuztuaren planta? Harrokeria aparretan dabiltza Dreyerren, Griffithen, Bressonen, Pasoliniren lanak aukeratzean?  Ez al dira jakin ustekoak Buster Keatonen, Kurosawaren edo Bergmanen piezak bezalakorik ez dagoela zin egiten duten horiek?

Nahiz eta adoratzen ditugunak izan, ez al dira ia denak handiuste hutsak? Egiatan Felliniren (Otto e mezzo) baino hoberik, harrigarriagorik ez zuela aurkitu The Company of Wolves eta The Crying Game eder haiek eskaini zizkigun Neil Jordanek?

Beste galdera bat, lerroburuari tiraka. Zergatik gaurko, oraingo, biharko zinemagileek atzoko, iraganeko, antigoaleko, pasa den mendeko filmak baino ez dituzte Sight & Sound-eko orrialdeetara ekartzen? Zer dela eta, beren hautuak ikusita, hartzen duzu inpresioa zinemak 1960ko hamarkadan, 70ekoan, 80koan egin zuela planto?

Bakar batzuk salbu, inor gutxi ausartzen da 1975eko Barry Lyndon-ez haratago joaten. Inork ez du Jim Jarmuschen Only Lovers Left Alive (2013koa, alegia) aukeratzen. Inork ez du Pablo Larrainen Ema (2019koa) hautatzen. Zergatik ez da Tim Burtonen 1990eko Edward Scissorhands-en aldeko apustua egiten? Inork ez al du Georgiako Dea Kulumbegashvilik 2020an filmatu zuen Dasat siski/ Beginning  merezi duen adina maite zerrendan sartzeko? Ez izan eta bai uste ez ote al dira zinema joan den mendeko 60koan, 70ekoan, 80koan geratu zela sinestun ematen duten horiek?

Eskerrak Nuevo orden-en Michel Franco eta Mad Max-en George Miller hor ditugula. Euren listatuek besteenak baino askoz benetakoagoak, gaurkotuagoak, freskoagoak dirudite. Georgek eta Michelek Annie Hall, Groundhog Day, Alien, The Grand Budapest Hotel, Parasite eta holakoen alde egin dute.

Horrexegatik maite dugu horrenbeste Sight &Sound-en zerrendarekiko paranoia; azkenean, bila zenbiltzan hura aurkitzen duzulako. Desesperoan ez erortzea baino ez duzu behar. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.