Bartzelonan hilabete batzuk eman ondoren, maleta bete baieztapen itzuli naiz. Filosofia berri bat ere ekarri dut. Sokratikoa, hain zuzen: soilik dakit ez dakidala ezer. Bartzelonako bizitza kulturala zorabiagarria da; goi mailako kulturako zentroz —instituzionala, komertziala edo alternatiboa— beteta dago. Betekadaz, ezinezkoa da hori guztia prozesatu ahal izatea. Kultur eskaintzak bertigoa ematen badu, pentsa zer den jarduera gehienek arrakasta izugarria dutela ikustea. Egin berri den egile zinemari eskainitako jaialdia, kasurako. Aretoak lepo, joan den astean aipatu nituen pajero horiek sortutako filmak ikusteko.
Bartzelonako CCCBra (Centre de Cultura Contemporanea de Barcelona) joaten naizen bakoitzean Tabakalerarekin gogoratzen naiz. Zein izango da Donostiako zentroaren etorkizuna? Errealitate bihurtuko da inoiz? Arrakasta izango du? Argi dagoena da hasierako proiektuaren antzik ez duela izango. Soilik ikus-entzunezkoei eskainitako kultura garaikidearen zentro elitista berri hura berria zen milioika turista dituzten hiriburu handientzat. Eta hori Easo txikian egin behar zuten.
Ez naiz gai erabaki horiek hartzen dituzten politikarien bilerak nolakoak diren imajinatzeko. Baina ziur naiz bilera horien eta Poker Stars-eko partida —eguzkitako betaurrekoak barne— horien artean ez dela desberdintasun handirik izango. Kontua da dena jokatzea, apustu egitea, edozeri hordago jotzea. Eskuetan ezer eduki gabe. Arriskurik gabe loriarik ez dagoela jakinda, bainaapustua galduz gero besteek ordainduko dutela segurtasunez jokatzen.
Partida horien guztien helburu nagusia argia da: turismoa erakartzea. Esplotazio turismoa sufritzen du Bartzelonak, eta halako hiri batean zaila da jakitea zerk duen arrakasta giri-ei esker, eta zerk ez; zer den kontsumo errazeko masa kultura eta zer ez den; masa ikuskizunen artean zeinek duen fundamentua eta alternatiboen artean zeinek ez duen. Finean, zein ekitaldiri eman atsegin dut, zentzu kritikoari traizioa egin gabe, eta Batiattok kantatzen zuen grabitate zentro iraunkorrari eutsiz.
Orain, hainbat urtez Tabakalerako lanen garitaren aurrean bizi ondoren, Alondegitik metro gutxira noa. Berrasmatutako Bilbora, Bartzelonaren dizipulu nabarmena. Alondegiaren sortzaile azkarrek kultura-aisia-kontsumoa elkartu zituzten disimulurik gabe, eta ziur asko, Tabakalerak ispilu bat izango du, errentagarritasun ekonomikoa eta masa erakartzea lehenesten delako. Delfoseko orakulua bisitatu barik, hori da nire apustua. Ironiarik gabe.

Zinema. Zin-zinez
Apustu sokratikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu