Sarritan entzuten ari gara, azken boladan gure zinema une gozoa bizitzen ari dela. Donostiako Zinemaldian hori baieztatzeko aukera eduki dugu: film euskaldun bat Sail Ofizialean lehian, eta gainontzeko beste hainbat gainontzeko sailetan txaloak eta kritika onak jasotzen. Ez dakit hau guztia ilusio optiko bat besterik ez den, baina ilusioa egiten dit gure ekoizpenak sasoian egoteak. Ikuslearen arreta, kritikaren onespena eta banaketa enpresen erosketak, hori bai lerrokatze kosmikoa.
Obra desberdinen artean ezaugarri komunen bila jarrita —hain zaila den ariketa desatsegin hori—, eta zinemagileen gaztetasuna alde batera utziz, gauza bakarra aurkitu dut: krisi ekonomikoaren gailurrean sortutako filmak dira. Horrela aurkeztu zuen Roberto Castonek bere filma Kursaalean, bere garaiko semea zela esanez; erronka eta emaitza, testuinguruak sortutakoak dira. Beste hainbat zuzendarik ere, bide bereko adierazpenak egin zituzten.
Euskal zineman ez ezik, estatu mailan ere, baliabideen estutasunak produkzioak beste era batera ekiteko abiapuntuan jartzen gaitu. Zinemaldiaren ixte-ekitaldiak Carlos Vermutekin berriketan egiteko aukera paregabea eman zidan —ai ene, nire txartel gorria!—, eta gauza bera kontatu zidan: krisiaren «erruz» narratiban akzioa murriztu eta pertsonaiak gehiago garatzera «behartuta» zeudela. Gora zorioneko kakotxak eta krisi madarikatua, nire betiko mantra ahotara ekarri dit: zinema da pertsonaiak, pertsonaiak eta pertsonaiak.
Arraro samar egiten zait zinema krisiari buruz berba egitea, beti krisian egon baita. Pentsa, ofizialki existitzen ez den ogibidea dugu. Eta ikus-entzunezkoen munduan izandako eskarmentuak aspaldi erakutsi zidan gaurko ondorioa: erantzuna arazoaren parte da. Diru-laguntzak lortuz gero, gure lanaren emaitzak ez dira izan gogobetekoak; geure kabuz aurrera ateratako proiektuak, ostera, suertatu dira lan pozgarrienak. Batak itxura profesionalagoa eduki dezake; besteak, ordea, askeak eta freskotasunaren haurrak direla nabaritzen da, jaialdietan sarituak izateraino. Naturaltasuna, benetakotasuna eta bat-batekotasuna ez direlako aurrekontuan zerrendatzen.

ZIN-ZINEZ
Arazoa da irtenbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu