Aurten ere, eta zoritxarrez, Prekariart izeneko EHUko ikerketa taldeak erakusketa eta jardunaldiak antolatu ditu artearen egoera prekarioaren inguruan. Arazoak paradisuan izenburua erabili dute, artearen paradisuan ere arazo ugari daudelako. Hain zuzen, artearen munduan, beste esparru askotan bezala, errazagoa da arrakasta izatea dirudun inguru batetik bazatoz. Nazioarteko testuinguruari begira jarriz gero, arte garaikideko egileen panorama askotarikoa da, baina batez ere dirua daukaten familietatik datoz artista gehienak.
Ez da harritzekoa, artearen munduan gazte batek tokia nola egiten duen ezagutzen badugu. Oztopoz betetako bidea du aurretik artista izan nahi duenak. Nik ezagututako %10ek-edo ez dute irauten edo ez dute lortzen bertatik bizitzea (eta sarritan beste lan osagarriekin). Europako herrialde gutxi batzuk aipatu dudan egoeraren salbuespena direla esan dezakegu. Gure artean, hezkuntza eta beka sistemari esker, jende askok du arte ikasketak egiteko aukera. Behin lehen urratsa gainditu ondoren, ikasketak bukatu berriak dituzten gazteek basamortu antzeko zerbait pasatu beharko dute. Urte horietan denetik egingo dute, supermerkatuan lan egitetik, erakusketen muntaketetara dagoen tarte zabaleko lan eskaintza prekarioetatik pasatu beharko dute, alegia. Ona izanez gero, zorte pixka batekin eta, batez ere, norberaren burua ondo saltzen jakinez gero, erakunde publikoen diru laguntzak jaso ditzakete urtebeteko proiektuak garatzeko. Hortik aurrera, prekaritatea jasateko prest dagoenaren araberako lasterketa izango da. Gehienek ez dute irauten eta, nahiz eta fakultateko ikaslerik onenak izan, beste zereginetan bukatzen dute.
Gure gizarte berdinzaleagoetan edozeinek horrelako ibilbidean irautea errazago bada ere, askoz errazagoa da dirua duenarentzat. Harrituta begiratzen nion proiektu handiak edo garestiak aurrera ateratzeko kanpoko artista askoren erraztasunari, eta denbora asko behar izan nuen konturatzeko artista haietako askok dirua izan zutela hasierako urratsak egiteko eta horrek erraztu ziela merkatuaren sareetan sartzea. Behingurpila martxan jarriz gero, aurrera egiten du ia etenik gabe.
Gure gizarte kapitalistetan, aukera berdintasunari buruzko diskurtsoa oso zabalduta badago ere, ez dirudi errealitateak horrelakorik egiaztatzen duenik. Seguruena, mundu mailako artista arrakastatsuen zerrenda egingo bagenu, ia guztiak ogibide liberaleko seme-alabak izango lirateke. Aberatsak ez, baina egoera ekonomiko lasaikoak. Egoera hau ezkutatzeko sortu ziren XIX. mendearen bukaeran artista pobreen mitoak, inoiz ezer saldu gabe hiltzen ziren pintoreak edo Parisko bazterretan pobrezian bizi ziren eskultoreak.
Horregatik, garrantzi handia du erakunde publikoen zuzentzaile rolak gure artean. Diskriminazio egoera ekonomikoak eta generokoak apaltzeko ahaleginak erakunde publikoen laguntzetatik etorri dira orain arte eta etorriko dira gerora ere. Pandemia baino lehenago zabaldu ziren diskurtsoek gastu publikoa murrizteko beharra aldarrikatzen zuten, inbertsioa gastu izendatzen eta gastuak inbertsio. Askotan entzun behar izaten genuen ez zela egokia kulturak erakundeen menpe egotea, hori aukera izango balitz bezala.
BEGIZ
Arazoak paradisuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu