Askotan egunkarietako argazkiak arreta pizteko modukoak izaten dira. Berria gehiegi interesatu gabe ere, argazkitan idatzitakoan baino hobeto jasotzen da gertatu denaren lekukoa.
Apirilaren hasieran BERRIA egunkari honek Pasaiako kanpoko portua eraikitzeko erakunde ezberdinek Espainiako Sustapen Ministerioan sinatutako itunaren berria argitaratu zuen argazki eta guzti. Agintariak bi koadroen bidez babestuta daude, eskuinaldekoan Alfontso XII.a Espainiako erregearen erretratua irudikatzen da, besoa kainoi baten gainean duela. Argazkiaren ezkerreko ertzean, Alfontso XIII.aren erretratu ofiziala, militarrez jantzita eta ezpata Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua eta Gasco sailburuordearen artean duela.
Bi erregeen koadroen artean gainontzeko agintariak Jose Blanco ministroarekin, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Garraio diputatu Arantxa Tapia barne.
Agintarien atzean Sustapen Ministerioa dioen kartela ikusi ez bagenu, Gerra Ministerioan sinatutako akordioa dela pentsatuko genuke. Alfontso XII.aren kanoiak Espainiako Lehenbiziko Errepublikaren kontra egindako altxamendua eta karlismoaren kontrako guden garaipenak gogoratzeko pintatuko zirela pentsatzen dugu, Borbondarren lehenbiziko buelta armetan oinarrituta egon baitzen, bigarrena bezalaxe. Bestalde, Alfontso XIII.ak koadroan azaltzen duen nerabe itxurak ez dio eraginkortasun handirik ematen eskutan duen ezpatari, eta dakigun bezala, ez zen aitak kanoiekin lortutakoa gordetzeko gai izan, eta bigarren errepublikaren aldarrikapenak agintetik kendu zuen.
Eszenatoki militarra ikusita, zera galdetu beharko genuke, Pasaiako kanpoko portua eraikitzeko ituna sinatzeko ekitaldiak halako mezu erasokorra eman behar al zuen? Boterearen eszenografia, hala kasualitate hutsa da? Markel Olano eta Arantxa Tapia, kanoi eta sableen bidez inposatu nahi al digute edozein buru arrazionalean kabituko ez litzatekeen azpiegitura proiektu erraldoia, interes pribatu batzuek gizentzeko?
Botereak nahi duena adierazteko irudiak hain ondo erabiltzen dituen garaian, ez dut uste apirilaren 6an argitaratutako argazkia kasualitatea izan zenik. Beraz, mezua argi dago: nahi edo nahi ez, atzean ditugun kanoien bidezko botereak lagunduta (nahi dugunean erraz legitimatzen ditugu borbondarren erregimena), Pasaiako portua eta beste edozein gauza egingo dugu.
Artea. Begiz
Argazkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu