Mikel Taberna Irazoki.
IRITZIA

Arimatik kantatu

2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Anaitasuna kiroldegian elkartu dira nafar bertsolariak. Gaur kiroletik gehiago zuen saioak, bistan da. Txapela zegoen jokoan. Hala ere, oholtza gainean kantari aritu direnak gai izan dira une anitzetan hitzekin eta ideiekin jostatzeko. Goizean, dendan egin dut topo Xabi Terrerosekin, bakoitza geure kapazoa gure lurraldeko baratze orain jorien emaitzekin betetzeko prest. Lasai iduri zuen arratsaldekoari begira. Gozatu eta gozarazteko animatua. Bertsolariek euren artean taldea egiteko asmoz. Zainzuriak, eskarolak, orburuak genituen inguruan. Hameka gustu eta hamabi kolore. Eta halaxekoak iduritu zaizkit arratsaldean lesakarrarekin batera euren baitako onena ematera plazara atera direnak. Bertsolariak eta bertsoak aukeran. Arrunt gustura aditu ditut haien arteko elkarrizketak, elkarri solas eta elkarrekin jolas egiten asmatu dutelarik. Ofizioka, alegia. Bakarka ere franko polliki puntuetan. Ez naute hainbertze ase gaia emanda bi bertso kantatzeko tenorean. Horretan, salbuespen Soto, Karrika eta Lazkoz, arrazoi diferenteengatik. Gai ona egokitzen zaio bertsolariari edo ahala duen bertsolariak ontzen du proposatzen zaiona? Kolpea eman du auriztarrak bere gogorazioarekin, jendea komunera joan-etorrian nola zebilen ikusirik. Bertsolariaren jokada. Txapeldun izanen zenak Silveira ekarri du, gonbidatu gisara, orain dela hamar urteko oroitzapenen artean bildua. Uste dut Lazkozek ariketa horretan irabazi duela buruz burukora pasatzeko txartela, euskaldundutako etorkinaren ahotik mintzo. Buruz burukoa orekatua iduritu zait, eta maila onean biak. Hunkigarriak izan dira batak nahiz bertzeak kartzelako gaiari kantaturikoak. Juliok hasierako agurrean erran du bertsorik onenak direla arimatik kantatuak. Dudarik gabe, denen kasuan, eta gaur bereziki gorritiarrarenean, zerbait bereziagoa sentiarazi digute euren zinezko baitatik ari zirela sinetsarazi digutelarik. Itturri, Fernandez, Maia (gaur estreina) eta Zelaieta ere aipatu nahi ditut. Bakoitzari berea. Alaitz Rekondo bide-erakusle fin zutela, zortzi lagunek arratsalde zoragarria pasarazi digute. Zortzi gizaseme. Beharrik gure Luzia Goñi miresgarria agertu den ordena paratzera. Zorionak denei!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.