Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

Arnasbideak

2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Durangoko Azoka badator eta hasiko gara gure indar eta gogoeta guztiak kulturara bideratzen, beteko ditugu egunkarietako gehigarriak hango edukiez, zuzeneko erretransmisioak telebistaz, asistentzia errekorrak hautsi direla-eta poztuko gara eta liburu, disko eta egutegiak poltsan sartuta itzuliko gara etxera.

Kulturaren arnasbide deitzen diogun topagune hau izango da agian batzuena besteena baino gehiago. Pasabideetako postuen espazioa gutxi batzuena da oraindik ere. Nabarmentzekoa da aurten lehenengoz auto-ekoizpenerako espazio berezia egokituko duela azokak. Baina bada horretan lehenagotik badabilen jendea.

2013tik Musikazuzenean komunitatea aukera ematen ari zaio azokan autoekoizpenaren aldeko apustua egin duten musika taldeei. Ohiko eszenatik kanpo dabiltzan musikariak dira, askotan hasiberriak, zigilurik gabekoak edo zigilu txikiek babestuak. Duela bi urte hogei talderen ordezkari izan zenak aurten bikoiztu egin du bere eskaintza. Talde gazteen, sortu berrien zein mitikoen lanak aurkituko dituzue bertan, eta emaitza, estiloz, oso aberatsa da; hardcorea, popa, metala, ska... jorratzen duten euskal taldeak bilduko ditu postu horrek.

Lehendik ezagunak direnen artean daude P.A.M. ermuarrak, Hurrengoan bai ibilbideko seigarren diskoa aurkezten; baita oihartzun handia izaten ari den Joseba Ponceren (Dut, Kuraia) banakako proiektu berria, JP Lohian eta Klonen Klana, edo Estricallaren Hutsartea.

Beste zenbait proiektu interesgarriren artean Pelax, Liher, Hotzikara, Apurtu, Zazkel, Kasernarat eta Blaka-renak ere aurkituko dituzue. Eta Kortxoenearen Irautea sortzea delako. Sortzea irautea delako dokumentala ere bertan izango da.

Baliteke diru kontuak ez ateratzea, baina «Durangon egon behar duzu, bestela ez zara existitzen» leloa ondo ikasia dute eta, zorionez, haiek daudelako egongo dira bestela errepresentaziorik edukiko ez zuketen musikari asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.