Arabako Bertsolari Txapelketa

Aro(a) berri baten hasiera

Gorka Azkarate.
2024ko martxoaren 17a
05:15
Entzun

Ertz eta ñabardura asko izan zituen atzoko Arabako bertsolari txapelketako finalak: ikuspegi berriak eta, batez ere, bertso on dezente. Atzoko finaleko une askotan, edozein kasutan, gaiak zeharka planteatu ziren, bitarteko moduan fantasiazko pertsonaiak edo lotura surrealistak baliatuz tarteka, eta bilatzen zen efektua sorrarazi bazuen ere bide horrek une bakanen batean, hots, plazara espero gabeko ateraldiak ekartzea, beste askotan bertsolarien jarduna zaildu egin zuela esan daiteke. Seiko motzeko azkeneko ofizioan Paula Amilburu Barbie-k Asier Otamendi Ken-i emandako astindua ailegatu bitartean arrasto handirik utzi gabe igaro zirela, alegia, Asterix, Obelix eta konpainia. Zenbait ariketari karga dramatikoa eta pisua arintzeko egindako ahalegina eskertzekoa da, baina oreka pixka bat falta izan zen bide horretan, gaiei erreparatuz gero.

Aroa Arrizubietaren burura egin zuen jauzi txapelak amaieran. Bigarren finala zuen gasteiztarrak atzokoa, eta bere bertso ibilbidean mugarri garrantzitsutzat har genezake atzoko garaipena, aurreikus daitezkeen beste garaipen batzuen estreinakoa izan daitekeelako, ondo bidean. Benetan ausart kantatu zuen mikrofonora inguratu zen aldiro, eta, haren atzoko lanak errepasatzen hasiz gero, nekez aurkituko dugu makurraldirik. Nabarmentzekoak bi bakarkakoak, baina nabarmentzekoa, batez ere, haizea alde izan ez zuen uneetan ere lemari nola eutsi zion, ontzia hondoratu ez zedin. Atzo berak egindako inurri lana ezinbestekoa baita, halako garaipen bat erdiesteko.

Zortziko handiko lehenengo ariketatik garbi ikusi zen Manex Agirre bere onena ematera igo zela oholtzara; bertsoen tarteko puntuetan zein bukaeretan ikaragarri, «nostalgiarik ez dago hemen/ ez laztanen ez muxuen» edo «inertziaren korapiloak/ harrapaturik gintuen» bezalakoak kantatuz, esaterako. Oso goitik osatu zuen saio guztia, eta buruz burukoan jarduteko hautagai ia ziurra zen saio orokorraren bukaeran. Azkenean puntu ziztrin bategatik egin zion txapelak ihes, buruz buruko bakarkako ariketan egindako poto nabarmen xamar baten erruz, ziur asko. Amaierako agurrean txapelketak uzteko ordua ailegatu zitzaiola iradoki zuen, muxu zaparrada batez eskertuz entzuleei emandako babesa. Eskerrik asko zuri, Manex!

Une dirdiratsu andana izan zituen Paula Amilbururen atzoko jardunak: zortziko nagusian sendo Manex Agirrerekin batera dibortziatu berrien larrutik, hamarreko txikian eta puntu erantzunetan eutsi eta hortik aurrera gora eta gora: seiko motzean benetan bikain Barbie-ren paperean, eta bakarka oso maila altuan, nahiz eta agian ariketa horretarako aukeratu zuen doinuak ez zion maisuki harilkaturiko kontakizunak eskatzen zuen pausa ematen lagundu. Bere hirugarren finalean halako maila erakutsita, etorkizun hurbilean ez da utopikoa aramaioarra Arabako txapela buruan irudikatzea.

Peru Abarrategi eta Asier Otamendi ez ziren buruz burukotik urrun ibili. Atzo arteko Arabako txapeldunak ez zuen agian zorte handirik izan egokitu zitzaizkion gaiekin, eta zenbaitetan ideiak borobiltzea falta izan zitzaion. Asmatu zuenean, ordea, benetan sinesgarri aritu zen, bere ezkontzaren biharamunean ohean bakarrik esnatu denaren larrutik kantatu zuenean, kasurako. Asier Otamendik hamarkadak daramatza finalak eta txapelak pilatzen, eta halako plaza ederrari gorputza ematen dion bertsolari horietakoa da. Bat-bateko jarduna muturrera eramanaz betiere, arrastoa utzi zuen bere alez aleko jardunean. Bikain, esaterako, puntu erantzunetan. Puntuaketari erreparatuz, atzerago sailkatu zen Iñaki Viñaspre. Irristadak eta une politak kopuru bertsuan nahastu zituen abetxukuarrak, eta bakarkakoan entzuleen barruraino iristea lortu zuen umezaroan gehiegikeriak egin zizkion apaiza hil dela jakin ostean behingoz ondo lo egitea lortu duenaren paperetik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.