Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Arrakalak

2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Munduan gure aztarna uzteko, gure mezua helarazteko, zerbait esateko daukagulako sortzen dugu. Artiston premia munduan gure ahotsa (txikia bada ere) transmititzea da. Komunikatzea. Zein da, bestela, sormenaren helburua?

Gizakiok inguratzen gaituen mundua ezagutzeko, ulertzeko eta ezagutza hori bizitzan eta ongizatean erabiltzeko sortzen dugu. Artearen bidez geure burua ezagutzeko, gure emozioak eta mundu-ikuskerak adierazi eta partekatzeko. Sormena giza gaitasuna da, eta garatu egiten da.

Gure intimitatean sortzen ditugun melodiak, letrak, arpegioak, abestiak finean, entzuleen aurrean interpretatzean, intimotasun hori galdu egiten dute, entzuleak abestien parte bihurtuz. Momentu horretan, beraz, zeregin pribatu hori publiko bihurtzen da, gure barrenak gainontzekoekin partekatuz.

Artistok, orduan, nartzizismo puntu bat badaukagu, gure artelan pribatua publikoarekin partekatzeak merezi duela uste dugulako. Garrantzia duelako. Gure ahotsa entzun behar dela uste dugulako.

Partekatzen ditugun beste ezaugarri batzuk desinhibizio emozionala eta egonkortasun emozional urria dira. Oro har, desinhibizio emozionalaren maila handiagoak izaten ditugu; hots, arriskuak hartzeko joera handiagoa. Mirespena eta lehiaren bilaketa. Azken bi ezaugarri hauek ere oso ohikoak dira, eta eragina dute gorputz-hizkuntzan, nortasunean eta harremanen osasunean.

Musikarien suizidio-tasa oso altua da, eta hau nahaste mentalak edo arazo psikologikoak pairatzeko prebalentziarekin lotu dezakegu. Ikerketa batzuen arabera, artisten %40k, gutxi gorabehera, landu daitezken arazo psikologikoak pairatzen dituzte.

Artisten profila deskribatzen duten ezaugarriak kontuan hartuz, emozioak eta ingurunea modu bizian hautematen dituztela esan dezaket. Egoera honek, mundua ulertzeko ikuspegi berri eta originalak eman ditzake, baina baita, kasu batzuetan, zaurgarritasun eta kalte sakonak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.