Bitxiak, oso, egun hauek. Mendeak zeharkatuz, Warner Broseko Porky txerriak eta Lucas ahateak (Bugs untxiaren, Silvestre katuaren, eta izenik gabeko izan handiko koiotearen lagun-arerio min-finek, alegia) euskaraz egiten dute pantailan, egunkari honetako azala hartzen dute, poltsikoko aplikazio guztiak darabiltzate airos, eta txikle baten bitartez gizakiok zonbi bihurtzen gaituen estralurtar berde bati egiten diote aurre.
Arraroak, bai, egun hauek. Bi pelikulak ematen digute artefaktu erabatekoa den zinemaren artifizioaren berri. Biek engainatzen gaituzte galanki. Biek erabiltzen baitituzte joandako magiaren moduak eta biharko bitarteko teknologikoak, Porkyk eta Lucasek nola.
Bi film horiek garaile suertatu ziren Cannesen eta Donostiako Zinemaldian. Jaso zuen batak Zuzendaritza Onenaren saria, eta Urrezko Maskorra besteak. Bien sortzaileak bat datoz arkanbele kanta batean. Juramentu bera egin dute biek: ez batak ez besteak ez diote (ez liokete) inoiz ikusleari esango, adieraziko, aginduko zer pentsatu behar duen, nola ikusi, nola begiratu behar duen biek proposaturiko hori. Ez zaie burutik pasatu ikusle horrengan juzgurik inposatzea.
Miguel Gomesen Grand Tour-ez eta Albert Serraren Tardes de soledad-ez ari natzaizue. Zinemak berba egiten ez zueneko moduak erabiltzen ditu lehengoak, eta zinema estudioetako barnealdean eraikitako gezurrezko munduan da filmatua. Hizketan ari denean ere artifizio hutsa, gaur egungo zinema belarri gurearentzat. Izan ere, britainiarrak edo asiarrak badira ere, portugesez jarduten dute protagonistek. Zuri-beltz estrainio batean, oihan kolorge batean, non panda hartzak (gezurrezkoak ote?) banbu arboletan dauden igota.
Juramentu bera egin dute biek: ez batak ez besteak ez diote (ez liokete) inoiz ikusleari esango, adieraziko, aginduko zer pentsatu behar duen, nola ikusi, nola begiratu behar duen biek proposaturiko hori. Ez zaie burutik pasatu ikusle horrengan juzgurik inposatzea
Duela bost urte-edo inork ezin izango zuen filmatu bigarren pelikula. Ez baitzen teknologia aurreratu nahikorik. Tardes de soledad-en entzuten duguna ez zuen Albert Serrak berak entzuten filmatzen ari zela. Tardes de soledad-en ikusten duguna ez zuen ikusten La mort de Louis XIV-ren egileak. Ziento bat mikrofonok eta hamaika eta bat kamerak hartu zituzten hitzak, soinuak, zaratak, irudiak. Gero, aztien eta sorginen kobazuloekin hain antza izugarria duen muntaia-aretoan bi urte luze eman zituzten Serrak eta Artur Tort maisu handiak ez batak ez besteak ikusitako/entzundako hori ikusten, aditzen, mozten, lotzen. Baita ustekaberako hutsuneak uzten ere. Egiazkoak dira datozen garaietako teknologiaz hartutako soinuak, plazan hartutakoak. Hoteletako geletan sortzen zen isiltasun soinudun kasik erlijioso hori ere bai. Era berean, baina, derrepentean, auskalo nondik etorriak, muntaia makinetan sartzen ziren zarata eta oihartzun batzuk onartu eta erabili zituzten Albertek eta Arturrek, erakutsi nahi zuten horretarako balekotzat emanez.
Grand Tour bada kolonialismoaren inguruko gogoeta bat. Baita itzalaren gorazarrea ere. Artifizioari eskainitako bi ordu eder eta burlati. Tardes de soledad ez da, zinez diotsuet, zezenketen gaineko filma. Lasai asko ikus dezakezue ez bazarete oso muturrekoak zuen animalien defentsan (ez ahaztu inoiz gizakiok ere animaliak garela...). Albert Serraren filma zinema nola manipulatu ikasteko eskola ezin hobea da. Planoak nola itxi jakiteko ikasgai benetakoa, kamera(k) jasotakoa nola baztertu, nola aukeratu, nola josi ikasteko modurik estrainioena. Bada toreroz jantzitako esfinge baten potreta ere.
Porkyk eta Lucasek euskaraz egiten duten egunotan, ireki belarriak portugesen mintzaira eta zezenaren arnasa entzun ahal izateko.
