begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Aspaldiko lan bati so den egilea

2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bilbon. Bilboko Bilbo Zaharrean. Bilboko5. barrutian. Bilboko auzo guztietan antzinakoena den horretan. San Frantzisko kalean, non planeta honetako mundu guztiak biltzen diren, non dendetan Latinoamerikako bandera guztiak zabalik eta salgai dauden. Non merkatuetan beste inon aurkiezinak diren jakiak eta edariak aurkitzen dituzun. Non Ava Gardnerrek sekula bisitatu ez zuen Chicote taberna dagoen. Non Aste Santuan balkoietatik euskaraz abesten dizkieten saetak Kalbariora doan Jesukristoari eta bere atzetik doan amari. Non, oraindik ere, kale baten izenak hemen Abandoko Errepublika existitu zela gogorarazten digun. Bilbo Zaharrean, Cortes kale ondoan. Non El Laterio tabernan Portugalen itsasoko fruituak latetan gordetzeko duten jakinduria eta abilezia dastagai den.

Bilbo Zaharreko aldapan gora eta behera. Bertan, joandako garaietan elizak ziren eraikinak rock and rollaren tenpluak bilakatu ziren aspaldian. Bilbo Zaharrean, non Guggenheim ez dagoen, non Arte Ederretako Museoa ez den. Non zutik, airos, irmo, nahiko aupari diharduen eta jarraitzen duen museo bakarra Berreginena den. Non San Frantziskoko Udaltegiko liburutegian, amoros mimatu horretan, beste inon ez diren lur, bide, xenda kamino ia guztien planoak eta mapak diren.

Bilbo Zaharreko Mariaren Bihotza plazan, hiriko espazio publiko ireki handienetakoan, bada altxor ezkutu bat. Lurpean. Harrizkoa. Plazatik zenbait metroko sakonean, Euskadiko hiri-aztarnategi interesgarrienetakoa aurkitzen da. Hantxe, XV. mendeko komentu baten hareharrizko arrastoak. Baita XIX. mendeko Alfontso Printzearenak ere.

Bilbo Zaharreko garai bateko seinaleak, denbora-bidaia harrigarria.

Eta bertan, aurreko egun batean, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren eguerdi eguzkitsu batean, aurreko gaueko Itxitik izeneko programaren zinema pusken emanaldiaren oroipenek dir-dir egiten zigutela begietan, erakusketa bat zabaldu zen; maite-maite baina hertsiki ere zainduriko, gordetako iraganeko hondakinen artean zabaldu ere.

Gure iraganeko zeluloidezko aztarnak gure iraganeko harrizko, hareazko arrastoen ondoan. Elkarri sostengua emanez. Segoviako ihesa kontatu zuen, zigun, pelikularen filmazioan Jesus Uriartek egindako argazki zaharrak. Zuri-beltzak, garai haiek ziren bezala: grisak.

Donostian izandakoa da erakusketa. Baina Donostiako paisaia ez zen hain egokia, nahiz eta Errealeko estadioaren pega-pega dagoen Ernest Lluch Kultur Etxea izan. Ez, askoz hobeto egokitzen ziren argazki horiek Bilbo Zaharreko Mariaren Bihotzaren plazaren erraietan gordeta diren harri horien artean. Izan ere, ihesaldi bat ari baldin bagara gogoratzen (40 urte pasatu dira dagoeneko...!), non hobe denbora eta espazio tunel baten barruan baino?

Bildu ziren bertan Zinebiko arduradunak, agintari hainbat, zinemak zauritutako asko. Gehi Ramon Barea eta Mario Pardo aktoreak. Gehi bizirik irauteko borrokan amore ematen ez duen Angel Amigo gidoigile, ekoizle eta zinemagilea. Gehi, jakina, Zinebik omentzen zuen Imanol Uribe zuzendaria.

Argazki saio eta filmatze hartan erabilitako/ahazturiko objektu artean paseoan eta oroitzapenetan ibili ondoren, eseri ziren aspaldiko komentuaren patioan, lurpean eseri ere, eta berbetan hasi.

El proceso de Burgos, La muerte de Mikel, El rey pasmado zeluloidezko lanen egilearen hitzetan, nahiz eta lau hamarkada igaroak izan, filmak txukun, duin eta tinko defendatzen du bere burua pantailan. Oraindik ere. Imanolen esanetan, filmazio hura arras magikoa izan zen. Zorrotza ere bai. Latza. Oso.

Egun Kanarietako Lanzaroten duela mende bat gertatu zen pasadizo mingarri bat, belaunaldi askoren amesgaiztoak sorrarazi izan dituena, esku artean eta kamera aurrean dituen El Salvadorren jaiotako autore bizkaitarrak aitortu zuen, barre gazi-gozo batez zin egin ere, gaur beste era batez, beste modu batez, beste manera batzuetan egingo, filmatuko zuela Segoviako ihesa.

Bitxia da, bitxia oso, zer nolako harreman amodio-gorrotozkoak eratzen dituzten egileek beren lanekiko. Leialtasuna gordetzen diete batzuek. Urguiluz berrikusten besteek.

Bada beretzat ezagutzen ez duenik. Eta aspaldian egindakoaren aurrean mutu geratzen denik ere. Mutu edo... dardarizo bizian. Herrialde Katalanetako Molins de Rein omendu berri duten Ivan Zuluetak, kasurako, Donostiako Antzoki Zaharrean, bere film labur eta super 8ko pieza guztiak berreskuratzen ari zen maratoian, orroka, amorruz eta izuz eskatu zuen emanaldia bertan behera uzteko, berak ez egindakoak zirelakoan.

XXI. mendeko Ivan hark ez zituen ez bere burua ez bere kamera antzematen pantailan... Agian lana ez baita aldatzen. Autorea, ostera, bai. Garaiak, baliabideak, begiradak, ikusleak nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.