Ismael Manterola
Artea. Begiz

Atzekoz aurrera

2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nola egin daiteke koreografo baten atzera begirako erakusketa? Galdera horixe egin nion neure buruari Xavier Le Royren erakusketa iragarrita ikusi nuenean.

Bartzelonako Tapies Fundazioak erakusketa egitarau interesgarria izan du urteetan, artearen alderdi berritzaileenak aztertzen zuena, hain zuzen. Hala ere, erronka handia da dantzari eskainitako erakusketa bat antolatzea eta, gainera, atzera begirakoa izatea.

Xavier Le Roy (Juvisy sur Orge, Frantzia, 1963) dantza munduan ezaguna da esperimentazioa lantzeagatik; horregatik, Bartzelonako erakusketa aurkezteko orduan, ez ditu ohiko ereduak aukeratu. Bere lanik ezagunenak aurkezteko antzezpen handia antolatu du, eta hori koreografoaren azken lantzat har daiteke.

Bi hilabetean, hamasei dantzari erakusketa aretoan txandakatzen dira Xavier Le Royren bakarkako pieza ezagunenak dantzatzeko, baina bakoitzak bere esperientziatik aurkezten ditu ikuslearekin elkarrizketan dabilen bitartean. Ikuslea lanaren parte izatea lorpen handia da Le Royren erakusketa konplexu horretan. Ikuslea erakusketa aretora sartzen denean, bertan dagoen dantzari batek harrera egiten dio, eta erakusketaren helburua azaltzen dio. Elkarrizketa horretan, dantzariak bere bizitzan Le Royren lana noiz eta nola ezagutu zuen kontatzen duen bitartean dantza zatiak antzezten ditu, beste pasarte pertsonalago batzuekin batera; beraz, Le Roy-ren lana ezagutzen dugun bitartean, beste dantza lan bat osatzen ari gara, dantzariaren eta ikuslearen arteko elkarrizketaren bitartez.

Harreman sare horretan, jatorriz zatikako performanceak zirenak artelan bakar eta handi bihurtzen dira, eta ikuslea ere lanaren parte bihurtzen da. Azken hori arreta pizten duten ezaugarrietako bat da, zaila izan baita azken urteetan ikuslea performance delakoaren barruan sartzea. Nahiz eta 60ko hamarkadatik aurrera ikuslea eta errepresentaziogunearen arteko muga gainditutzat eman eta artearen eta errealitatearen arteko elkarketa bilatu, ez dut uste bete denik. Sarritan, performance delakoak antzezpen hutsak izaten dira, ikuslearen eta egilearen arteko bereizketa garbi dagoelako. Xavier Le Royren lanean, akzioa ez dago guztiz egilearen esku: ikusleak berak artelana eraikitzen du, eta denbora errealean, gainera —edo errepresentazio denboran, ez dakigu—.

Atzera begirakoa orainean gertatzen den zerbait berri bilakatzen da erakusketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.