Salmenta onak, beraz, eta editoreak kontent; idazleak samurtuta, tratu goxoan irakurleekin, eta jendea saldoka Artekale, Barrenkale eta Goienkaletik; Ahotsenean mitin literario gogoangarriak, eta areto nagusian hitzaldi beroak; zerbezak litroka Plateruenean, Palentinoenean solasaldi axolabarikoetan gastatutako listu adina. Denak pozik, beraz. Dagoen giroarekin, azokak urtea salbatu du, asmatu egin du egun bat gutxiago jarrita, gainditu du kudeaketaren edozein aldaketaren aurrean normala izan ohi den bertigoa, asmatu du ekimen parte hartzailearen garrantzia sozializatzen, ekidin du, neurri batean, gaztelaniazko produktuen desenbarkoa. Azoka interesgarriagoa izan da, biziagoa, hurbilagoa. Azoka ona izan da.
Eta, hala ere, bat nator Juan Luis Zabalak agertu duen arrangurarekin. Batez ere, E la nave va gogoratzen digun sentimendua iradokitzen duenean: «Ez dago eztabaidarik, ez dago eraginik edo erreferentziarik, eta dena aurrera doala dirudi, oso demokratikoki, baina denak bueltak eman besterik ez ote duen egiten, inbentarioa loditu eta loditu beste xederik gabe bezala, totum revolutum zentripeto batean aliritzira zentrifugatuta».
«Inbentarioa loditu eta loditu beste xederik gabe bezala» hori da asaldagarriena.
Zenbat sortzen den, zenbat argitaratu, eta zenbat kontsumitzen den. Zer eragiten duen sortzen den horrek. Noraino iristen den, eta norengana. Norentzako idazten duten idazleek. Zer bide egiten duten liburuek. Inork zaintzen al ditu? Ez ote diren marearen esku geratzen behin kaleratu eta mahai edo erakusleiho batean lagatzen direnean. Ez ote dira paperezko naufragoak?
Bai, egia da ezinezkoa ematen duela honek guztiak oraindik funtzionatzeak. Ez ote dago leize bat kontsumitzaileen eta egileen artean?
Zenbatek begiratu diote Jon Irazabalek argitaratutako Gerra Zibila Durangaldean liburuari, Durangoko bonbardaketaren inguruko argazki ezezagunen bidez orduz orduz bonbek hirian eragin zuten txikizioa eta hondamendia laburbiltzen baitu xehetasun ikaragarriaz? Nago ahaztuta pasatu dela, ilustrazio finez apaindutako liburu hura bezala, stand bakarreko argitaletxeetako eskaintza bereziak bezala, sarrera guneetatik urrunxko zeuden mahai askotan pilatutako produkzioa bezala, Zabalak aipatzen duen indar zentrifugoak nahitaez uxatuak.
Inbutuak ez baitu gehiagorako ematen, oka egin behar du, estuegia du ahoa, txikiegia zintzurra. Zenbat liburu joaten dira errekatik behera? Eta, axola zaigu batere?
Iñigo Aranbarrik kontatzen du, errekak azkarregi eramandako idazki horietako batean, Herioren Hegala lantxoan, amerikarrek, irabazle guztiek bezala, zentsura ezarri zutela Japonian Hiroshima eta Nagasaki suntsitu eta gero. Ez zegoen bonba atomikoak utzitakoaz idazterik. Yoko Otak, baina, idatzi behar izan zuen. «Ezin ahantz dezaket… argitaratzerik ez badut ere, idatzi beharra dut».
Idatzi bai, baina nork irakurtzeko?, galdetzen du Aranbarrik. «Orain ez dago zentsura ezarri beharrik. Hiroshima ostean egon diren Gernika guztietan, berdin Groznin zein Shinchunen, Kosovon nahiz Basoran, egon da Yoko Ota bana. Ondoriozko galderak gure literatura sistema salatzen du: zergatik ez zaigu helarazi haien lan bakar bat? Edo bestela ikusita: non egon da munduaren berri hainbeste dakien idazleria hango hautsik ez batzeko?».
Jon Irazabalek ahaztu nahi ez duen eta komunikabideetan behin eta berriro atera diren izen metaren azpian ezkutatuta geratu den liburuaren gaiaren gainean ere isiltasuna egon zen ikaragarria. «Ahantz dezagun suntsidura, oinazea, tristura denik ere», idatzi zuen Joseba Sarrionandiak Durango 1937 poeman. «Ez ukitu adreilu hautsiok, ez errauts epelok, ez odol itsaskor hau. Ez entzun sabai hondatu guzi hauen azpitik ailegatzen diren kexu eta biraoak, ez inondiko irrati irabazleren partetik. (…) Ahantz dezagun hondamendi guzi hau. Desasosegua utzi eta, imajina dezagun mundua sosegatua eta ederra dela. Imajina dezagun bizirik gaudela».
Bizirik gaude, bai. Bagoaz.

Sorbideak
Azokako errekak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu