andoni egana
IRITZIA

Bakarrik eta libre badoa...

2016ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Minak, egiazko min horrek, lausotu egiten du etorria. Are gehiago zorrak txukun kitatzeko ahaleginean ari ote zaren iruditzen zaizun unetik. Eta min horrek eta kitapen horrek, abiapuntu norbere intimitatea eta jomuga Euskal Herri osoa dutelarik, den den dena kontatu nahia eta tajuzko zerbait kontatzeko gaitasunik eza izan ditzake emaitza.

Atzo eguerditik aurrera, Manolori buruzko galderak egitean, bere abestiak zituzten aipagai hedabideek. Haurrentzakoak: Ran Roberran, Mac Mikel, Jon Braun… Eman zidan zer pentsatua. Manoloren lanaren eta izaeraren zati bati buruz baino ez zirela ari iruditzen zitzaidan. Pena erantsi zitzaion minari. Gauza asko baita Manolo.

Da, Manolito meltxorrenekua, umetatik musika sena berezkoa zuena eta gerora, nik baino askoz gehiago dakitenek onartzen dutenez, musikari handia. «Bide guztien ildoan» joaterik ez dagoenez, gu, haurrak, lehenetsi izanak laburtuko zion bestelako ibilbiderik.

Da, gure Manolo, ikastolan irakasle izan genuena, haur bakoitzari bere izaera onartu eta indartzen laguntzen ziona, kantuan eta jolasean asko ikas genezakeela eta jendaurreko lotsak arituz uxatzen direla erakutsi ziguna, sormena eta irudimena erabiliz, premia garaietan (eta orduan dena zen premia) gutxirekin asko egin daitekeela frogatu zuena, ikasgela mundu eta mundua ikasgela bihurtu ziguna, Obabatik Macondora eraman eta Macondotik Obabara ekarri gintuena.

Eta da, Imanol Urbieta, Kontxi Aizarnaren laguntzaz Euskal Herriko mila txokotan bere esperientziadun jakintza eta sentiberatasuna milaka irakasleri transmititu ziena, gerora hauen ikasleek beregana zitzaten, musika bide haur bakoitza helburu.

Jorge Oteizak «haur eraikitzaile grinatsu» izendatu zuen. Eta Jorgeren eskultura baten aurrean egin genuen topo azkenengoz, beste irudigile baten (Tomax Muruaren) hileta-elizkizunaren ondoren. Bakarrik eta libre badoa kantua ezin izan nuen kendu burutik egun batzuetan. Orain badakit zergatik.

Agurraren orduan «zauden tokian zaudela» formula erabiltzen dugu maiz zeru-lurrak nahastu nahi ez ditugunok. Manolo, badakigu atzodanik non dagoen. Izan zitekeen Zarautzen, Arantzazun, Alfaron, Neuchatelen, Ergobian, Suancesen… zoriontsu egin gintuen hainbat tokitan. Baina bizi, Sutopilen bizi da. Guretzat eta gure neurrira propio irudikatu eta izendatu zuen herri hartan. Ez da goizean goiz txistulari dianarik faltako; eguartean kitarra hotsak entzungo dira eta haurrak kantuan; ilunabar aldera, helduen abesbatza baten ahotsek blaituko dute ingurua… Herri berezia da Sutopil, izan ere. Gurea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.