Hasi aurretik, linguistikako ohar pirata bat: uler ezazue, arren, otoi, ‘sesio’ hitza bi zentzutan, Euskaltzaindiak onartzen duen liskar, ika-mika, disputa horretan, eta Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak Itoitz taldeari eskaini zioten pelikularen izenbururako asmatu zuten hizkuntzaren aldrebeskeria majoan.
Akordio hori egin eta gero, egigun berba. Egia da Euskal Herria osoa jaigiroan, festagiroan, udagiroan dagoen egun hauetan jende gutxi doala zinemara. Ulergaitza egiten zait hori, zeren eta aretoak sargorirako aterpe primerakoak baitira. Eta ez bakarrik aire girotua dutelako, ez pentsa. Niretzat abegi zoragarria dira terrazetan eta pasealekuetan pilatzen diren udatiar guztiengandik salbu izateko. Beste ohar pirata bat: udatiar hitzaren barruan sartzen ditut nik prakamotzak eta kamiseta tirantedunak janzten dituzten bertako horiek guztiak, plastikozko baso birziklagarriak gerritik zintzilika daramatzaten izaki hankabikoak.
Bigarren hizkuntza atrebentzia onarturik, esan behar dizuet zinema saloiak Erriberatik eta Errioxatik etorritako txaranga metalezko ugariren aurkako erresistentzia lubakiak ere badirela, intsonorizaturik baitira.
Go!azen ba harira. Gure zinema gela luxuzko horietan badira bakardadean, fresko eta belarrietan minik hartu gabe dastatu beharreko hainbat film guapo. Esaterako, Berlinalen izugarrizko harrera polita jaso zuen Valentine Cadicen Le rendez-vous de l'été, Hegoaldean Aquel verano en Paris izenburua hartu duen gutizia deliziosa. Iazko Olinpiar Jokoetako zurrunbiloan kokaturik, ipuin gozo-gozoa dugu, askori Eric Rohmerren Le rayon vert eta halakoak burura ekarri dizkien pelikula delikatua, non bai pertsonaiek bai aktoreek sorgintzen gaituzten. Bilakatuko dira biak udan egin ohi diren lagun min eta fin horietakoak. Bai, mota horretako adiskideak, betiko izango direla ematen duten horiek.
«Iazko Olinpiar Jokoetako zurrunbiloan kokaturik, ipuin gozo-gozoa dugu Valentine Cadicen Le rendez-vous de l´été, askori Eric Rohmerren Le rayon vert eta halakoak burura ekarri dizkien pelikula delikatua, non bai pertsonaiek bai aktoreek sorgintzen gaituzten»
Hegoaldean ere bada Uno Equis Dos filma. Kanaria uharteetan gertatzen da istorioa. Freskoan, udagiro eternalean. Alta, sortzaileek ez dute udan kokatu. Horretaz ohartzen gara futbol kiniela bat jokoan dagoelako, eta liga normalean irail aldean hasten da.
Protagonistek sinisten dute kiniela horren emaitza guztiak behar dituztela asmatu, eta dirutza horrek bizi diren ezkutuko miseriatik salbatuko dituztela. Ez dute, baina, kontuan izaten denek barruan daramaten mixeria morala. Interesgarria oso proposamena, zareten zinemajale motaren arabera thrillerrak izan daitezkeelako zuen zeluloide bazka finena. Benetan diotsuet hori ere, inolako segada linguistikorik gabe.
Izua ere suertatuko zaizue mokadu fina udagiroan. Imajina ezazue Locarnon zaudetela. Non???!! Suitzako hiri horretan, Nagusia izena duen lakuaren ertzean den parajean, bainuetxez gainezka egiten duen paisaian.

Famatua da Locarno bertan hartu izan baitute atseden eta atsegin, aspaldi zaharretik, aberats europar dekadente ugarik. Famatua da bertan izaten baita zinemaldi muturreko bat, lehoinabarra sinbolo duena. Hantxe dira egunotan Donostiako Ion de Sosa filmegilea eta haren lantaldeko kategorixeko jende sorta ikaragarria. Zinema estrainioa gustuko eta elikadura dugun askok maitatu lan ugari ditu Ionek: Sueñan los androides, Espiritu Sagrado, Mamantula... Locarnoko aukeratzaileek Balearic izeneko bere film luze azkena hautu dute sariketarako. Balearretan gertatzen da pelikula. Uda hasi berritan, San Joan gauaren bezperan. Gizaki hainbaten erretratu zorrotza, garratza. Piszina baten inguruan, piszina biren inguruan. Zakarra potreta. Interesgarria espantua (hirugarren bantazione linguistikoa: espantua=izua=ikara=ezerosotasuna=jakingura perilosoa). Ausarta eskaintza Suitzako udatiar zinemajaleentzat.
Australiako Koral Hesi Handian beti da uda. Surflari onak dabiltza olatuen gainean. Arrantza-ontzi deskalabratuetan, berriz, serieko hiltzaileak, marrazoak baino askoz ere arriskutsuagoak direnak! Hortxe atzo estreinaturiko Dangerous Animals filmaren abiapuntua. Ni behintzat, gustura itsasoratuko nintzateke Koral Hesi Handian. Hobe hiltzaileen artean hemen baino. Hemen, marmoka bat sumatuz gero hondartzak ixten dizkigute Itsasoko poliziek...
Ikusten? Bai aterpe sekulakoak zinema aretoak udako horrore guztietatik libre izateko! A, azken-aurreko aholkua: Freaker Friday/Ponte en mi lugar de nuevo. Bai, badakit, Disneyk ekoitzi du, ados. Baina Jamie Lee Curtis eta Lindsay Lohan daude barruan. Are gehiago, oztopoak gainditzen iaioa den Nisha Granatak zuzentzen du airos eta errebelde nahikoa.
Aholku serioagorik? On Swift Horses, Indomables. Abestiak dioen bezala, never rains in Southern Califonia. Ez, sekula ez du euririk egiten Kalifornian. Egia esateko, Euskal Herrian ere ez, antza.