Abenduan Swansek Bilbon eman zuen kontzertua historikotzat jo banuen, pasa den larunbatean Edwyn Collinsek Donostian emandakoa atzean geratu ez zela onartu beharra dago. Era ezberdinean bada ere, historikoa eta ahaztezina suertatu zen eskoziarrak Intxaurrondoko Kultur Etxean eskainitako emanaldi bikaina.
Edwynek jasan dituen osasun arazoak eta hauek utzi dizkioten muga fisikoez ez naiz luzatuko hemen, aski ezagunak eta komentatutak izan baitira egun hauetan; ezta muga horiek gaindituz abestiak konposatzen, grabatzen eta abesten jarraitu ahal izateko erakutsi duen ausardia eta adoreaz ere, erabat miresgarria iruditzen baldin bazait ere. Benetan txundigarria aurkitzen dudana da, baldintza fisiko estu horien barnean Edwynek erabili eta transmititzen duen jarrera positiboa, eta estutasun larri horiek dohain bihurtzeko gaitasun harrigarria.
Donostian ikusi eta entzun genuen Edwyn — makulu baten laguntzaz trakets baina aldi berean dotore— duin eta umoretsu azaltzen da eszenatokira. Esaldi luzeak osatzeko zailtasunak izan arren, txantxarako gogoa azaltzen du abestien arteko komentarioetan, eta konplizitate ederra lortzen du entzulegoarekin. Bere ahotsaren erregistroa murriztu den arren, eta nota batzuetara ailegatzeko zailtasunak baditu ere, emozioz beteriko bibrazioak bere hortan jarraitzen du. Abesti berrien hitzak eta doinuak sinpleagoak dira, baina, aldi berean, gauza xumeenak soilek ahal duten bezala hunkitzen dute, eta horietako asko bere ibilibideko ederrenen artean daudela esango nuke.
Edwyn bera eta kontzertura gerturatu ginen asko ez gera gazteak, eta Xabierrek [Erkizia] bere zutabeak aipatzen zuen erretxinaren efektua sentitzen hasiak gara dagoeneko. Edwynek erakutsi zuen drama eta transzendentzia ezak, atzerantz malenkonia tuntunik gabe eta umore onez begiratzeko gaitasunak, eta, orohar, lanean jarraitu ahal izateak ematen dion poza, erretxina horren aurkako antidoto hoberenak iruditzen zaizkit.

Bi ahotsetara
Barrezka (erori arren)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu