Literatura. Hirudia

Baso bete paper

2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Garazi eta Landerrenak irakurrita, begitandu zait ez ote nituen fikzioarekikoak aiseegi egin. Fikzioaren on-gaitzak agertzea eta gaur egun gurean diren joerak kritikatzea (txarrean nahi onean kritikatu) ez baita beharleku makala; zutabegintzaren mugek, gainera, ez dute batere errazten egitekoa. Hartara, alegia batez baliatuko naiz gaurkoan, bide batez fikzioaren «balio erantsia» erakusteko.

Fikzioa baso artifizial bat da, errealitatea baso natural bat den neurri berean. Eta artifizial izate horretan, aukerak ugari dira: itxuratu egin dezake errealitatea, egiantza izan (Bertizko basoak bezala, esaterako); edo artifizioa erabat bere egin, ezkutatu barik (lorategi japoniarretan bezala). Denetan, hitzarmen bera dago basogile/idazlearen eta ibiltari/irakurlearen artean: hau fikzio bat da. Hemendik aurrera ez ditut agerira ekarriko bitasunok.

Basogileak ezin joka dezake baso hori lehenbizikoa balitz bezala, edo baso naturalik ez balitz bezala. Errealitatea arakatu beharra dauka, eta aurretiko ereduei begi eman, ibiltariak txundiarazteko, dela izadiaren tankera berrituz dela bihurrituz. Lurzorua ere kontuan izan beharko du, eta humus oparokoa aukeratu, aurretik eroritako arbolek ongarritua. Ezin zaio lanari ekin, beraz, aitzindari gisa, bestela ibiltaria lehen ikusian ohartuko baita amarruaz.

Basoaren egiturak ere badu lebarik. Izan daiteke baso sarri bat, erretaula barroko batek beste zokondo eta barren dituena, edo izan daiteke baso sinple bat, ustezko sinpletasun batean egina, sinpletasuna dohain handia baita, hautu egokiz, mehazte-lan nekagaitzez baizik lor ezin daitekeena. Jakina denez, sinpletasunak badu beste adiera bat, xinpletzarra izatea ez baita bertute, herren baizik. Erreparatu bonsaiei, nolako egitura argia izaten duten, baina ederki inausi eta alanbrezko zurkaitzez gidatu ondoren. Sinpleki sinpleak dira, baina ez inozoak.

Eta, gero, badira betiko locus communis horiek, argibide-oholetan ageri direnak, basoaren kontzientzia hazarazi beharrean aspergarri gertatzen direnak... Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak... Eman ta zabal zazu munduban frutuba... Aurkezpenok ere zaindu beharra dago, basoaren xehetasunak erakutsiz, artifizialtasunik batere gabe beharbada.

Egin dezagun basoa sortzen amaitu duela diseinatzaileak. Orduantxe hasiko da zahartzen, hazten edo galtzen. Goroldioa hedatuko da enborren iparraldean, basopea ugalduko da, belar eta lahar, eta, hala, denboragarrenera, bere berezko izatea hartuko du.

Animaliak ere iritsiko dira. Lehenbizi, paumak, basoaren jabeak ekarrita, eta horien kurkurraren arabera beste batzuk ere agertuko dira edo ez, zeren paumak ikuskizuna maite duten animalia xelebreak baitira, eta, haien kanturik ezean, nekez bilduko da beste animaliarik oihanera. Demagun okil batzuk datozela hegan, eta mokoarekin joka beste okil batzuei hots egiten dietela, eta, gustura egonez gero, habia egingo dute bertan, eta, basoa emankor eta eskuzabala bada, kumeen kumeek ere aterpea hartuko dute han.

Edo litekeena da, maiz hala izaten da-eta, basoa ahaztuta geratzea, naturalizatzeraino, eta inork ez jakitea hori baso artifizial bat izan dela. Edo, halako batean, jabeak, diru premian, erabaki dezake arbola guztiak botatzea paper-oretarako, eta, apika, ore horrekin liburuak egingo dira, errealitatea artifizialki antzeratu edo desitxuratzeko, eta orduan etorriko dira kritikariak, eta irakurleak, eta saldu gabe geratzen diren aleak papergai izango dira berriro, eta horrela birziklatzeen gurpila hautsi arte papera hipoteka-kontratu bihurtuta, hipotekak literatura baino iraunkorragoak izaten baitira, berrogei edo berrogeita hamar urte iraunkorrago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.