Mende erdi Harri eta herri argitaratu zela. Gure literaturan mugarri den liburu horren oihartzuna badabil han-hemen, aproposa gogorarazteko zer garrantzi izan zuen frankismoan, bai ikuspuntu sozial eta politikotik, bai garaiarekin uztartzera zetorren poetika berri baten abiapuntua izateagatik.
Ezagun dugu Arestiren meritua gure imaginario kolektiboa sortzeko orduan historia eta antropologiarekin uztartutako sinboloen bitartez, izan harria bera, etxea edo mailua. Mitoak apurtu zituen, eta bide-urratzaile gertatu zen beste poeta batzuentzat asmo handi batean bat egitean. Bibliako profeten antzera, agindu bat errebelatu zitzaien, eta onartu zuten: «Zoaz eta salatu injustiziak. Kritikatu boterea goresten dutenak eta errealitateari bizkar emanda estilo-jolasetan galtzen direnak. Horixe duzu mandatua».
Geroago, gure gorputz literarioak, arnasa eta amets eske, erlaxatu eta enkarguei muzin egingo zien arren, garaian hori gertatu zen boligrafoari probetxuzko tinta ateratzeko modu zuzenena. Kontzientziak iratzarriko zituen poesia jaio zen, hain poesia erabatekoa, non emaztea hiltzea eta alabak bortxatzea ere sufrituko genukeen aitaren etxea defendatzeagatik… Rob Roy batek sekula egingo ez lukeen zerbait. Hiperbole sinbolikoa dira lerro horiek, badakit, aberria maite duen bihotz ozarraren dema, baina traba egin didate beti, agian emakumea naizelako. Gainera, Guzman el Buenoren kondairaren kutsua hartzen diet, Tarifako gotorlekuaren defentsan setiatzaileek atxilotuta zeukaten haren seme gaztea hiltzeko sastakaia berak jaurti zienekoa. Hipersentsibilitate femeninoa?
Harri arestiar aberats eta aparta eskertuta, Gabrielek herri-moldeetarako zeukan abilezia gogoratzera nator, bertso-brintza hauek zehazki: «Melitxu Basurtuko / Piko meladua / Mesperu ustel gozoa / Sagar eztitsua / Laster izango zaraz / Neugaz ezkondua / Neure bizi lekua / Ezta komentua». Zergatik horiek? Sarritan galdetu diodalako nire kolkoari zenbat aldiz begiratuko ote zion alargunak Arestiren argazkiari urte mordo honetan (bide batez esanda, 2014an heriotzaren 30. urteurrena), eta ea samurtu edo ernegatu egiten ote den aldizka-aldizka omenaldietarako berpizten dioten itzala aurrez aurre berriz izanda.
Baina ez horregatik bakarrik, eta barkatu esparru pertsonalago batera lerratu eta ipuintxo bat kontatzeagatik. 1920ko hamarkadan Mendexako gazte bat Bilbora joan zen neska bati segika. Maiteminetan hasita zeuden, eta neskatoa kriada zebilen hiriburuan. Laster, mutilak eta Euskaldunako beste behargin batzuek, Zorrotzako portuan lagun eginda, egitasmo ia pentsaezin bat gauzatu zuten: etxebizitzen kooperatiba bat eraikitzea kanpoaldeko lursail batzuetan. Halaxe sortu zen Basurtuko Santa Ana etxaldea, ia-ia talaia bat zena, begiak Punta Galean galtzen omen ziren eta.
Etxe politak ziren, patio eta guztikoak, bertan oilo eta untxi banaka batzuk, baserri usaina galdu barik bizitzeko modukoak, berrogeita hamasei familiarentzat, 1932an inaugurazioa. Urtebetera jaio zen lehen neskatxoa, 1933ko ekainaren 5ean. San Bizente elizan bataiatu zuten (Aresti urte bereko urrian bataiatuko zuten toki berean), Ana Maria izena emanez, auzoaren omenez, nahiz eta etxekoentzat Ane izan zen, neure ama. Amak txantxetan esaten zuen bera bilbotarra zela, Basurtukoa, nahiz eta laster, gure aitita langabezian geratu zelarik, Lekeition hartuko zuten bizilekua. Arestiren kopla hori, zelanbait, etxekoa sentitzen dut. Tira ba. Tira eta tira, orain Meli, gero Ane… beti paratuko naiz Basurtuko pikuen alde.

Literatura. Hirudia
Basurtuko pikuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu