Analisia

Beste hogei urtez

Agus Perez.
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Igandean amaitu zen Miarritzeko Dantza Maitaldiaren 20. edizioa. Udazkena heldu baino lehen, berriz ere elkartu dira Lapurdiko hiriaren edertasuna eta dantza emanaldien ugaritasuna, eta, hamar egunez, dantzak oso rol nabarmena hartu du hiriko toki askotan, ohiko aretoetan emateaz gain, lorategi publikoetan, plazetan eta hondartzetan ere izan baitira emanaldiak. Izan ere, jaialdiaren ezaugarrietako bat da emanaldiak ahalik eta leku egokienetan programatzea, lan bakoitzari tratamendu ona emateko eta kaleko ikusleak dantzaren bidean jartzeko, horretarako naturari aurre egin behar bazaio ere.

Jakina denez, jaialdiaren antolamendua eredugarria da alde askotatik, baina niri eskertzeko modukoa iruditzen zait arduradunek prentsarekin eta publiko arruntarekin duten harreman jarraitua eta hurbila, emanaldi bakoitzerako informazio aberasgarriak prestatuz eta adituen eta zaletuen arteko iritzi trukaketa informalak erraztuz.

Bide horretatik, berrikuntza ikusgarriago bat sortu dute aurten, orri bakarreko egunkari koloreduna argitaratuz eta jendartean doan banatuz. Aurreko orriko lau albisteen artean bat euskaraz izan da egunero -jaialdiaren liburuxka eta emanaldien ahozko aurkezpenak elebidunak dira aspalditik-, eta horrek bere garrantzia du euskara kanpotik etorritakoei ezagutarazteko eta haren onarpen soziala hobetzeko. Gainera, euskal giroko beste ekitaldi batzuk ere programatu dira, hala nola bertako gaztetxearekin antolaturiko herri-dantzaldia edota txalapartaren erritmoan izandako gigabarra.

Aurtengo joera estetikoei dagokienez, argiztapenaren erabilera aurreratua eta bideoaren presentzia nabarmendu dira lan askotan, kasu batzuetan jauzi handia eman delako orain arteko lanekin alderatuz gero. Jaialdiaren izaera eklektikoari jarraiki, aldiz, era guztietako proposamenak ikusi dira egunotan -esperimentazioa, neoklasikoa, flamenkoa, barrokoa...-, eta dantza garaikidearen arloan bereziki zirraragarriak izan dira Russell Maliphant eta Trisha Brown koreografoenak.

Ordea, gainontzeko konpainia handien lanak dentsitate gutxikoaren eremuan geratu dira, dantzaren teknika bikaina erakutsi arren, eta kasu batzuetan arrisku gutxi hartu izanaren sentsazioa nagusitu da, haien proposamenekin ezer gutxi mugitu delako gure baitan. Beharbada, datozen edizioetarako berriz ere hartu beharko dira Europatik kanpoko konpainiak, kontrastea sor dadin geure inguruko sorkuntzekin eta jaialdiak erakargarri izaten jarrai dezan, beste hogei urtez gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.