Beñat Eizagirre Indo.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Perlak. FANTASIEN GATIBU

Biziaren loraldia

2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Wendersek duela 20 bat urte deskubritu zuen Sebastiao Salgado argazkilariaren lana, eta haren obra eta bizia ezagutzeko irrika sentitu zuen supituki; azkenik, iritsi da The Salt of the Earth, brasildarraren bidaia kontatzen duen dokumental kitzikagarria. Cannesen saritua izan ostean, harrera ona izan du gurean. Dokumental konbentzionala da, azalpenezkoa, eta Salgadok berak argazki ikusgarri horiek gordetzen dituzten sekretuak kontatzen ditu. Edozein argazkik istorio harrigarriak ezkutatzen ditu, eta 70eko hamarkadatik aurrera ateratako argazkien bidez gizateriaren historia ezagutzeko aukera aparta izango du ikusleak. Salgado milioika pertsonaren miseriaren lekuko izan da, heriotzaren urratsen atzetik ibili baita beti. Baztertuak erretratatu ditu; indigena, errefuxiatu, nomada, langile eta abarren bizimodua islatu du urte luzez, baina giza espeziearen ankerkeria hain gertutik bizitzeak gaixotu egin zuen azkenerako. Hortaz, biziaren argazkilari bilakatzea erabaki zuen, eta naturaren eta animalien argazkiek giza natura hobeto ulertzeko balio izan zioten. Emaztearekin batera, Terra Institutua sortu zuen jaioterrian, eta arbolak landatzeari ekin zioten fruiturik ematen ez zuen lur haietan. Sinestezina dirudien arren, egun bioanaiztasun handiko lurraldea da, beraz, filmaren xedea munduari itxaropena helaraztea litzateke. Aldaketa posible da.

Bestalde, Laurent Canteten Retour à Ithaque bikaina estreinatu da, eta, istorioa sinplea izan arren, indartsua dela ez dago zalantzarik. Bizitzaren tragedia inolako apaindurarik gabe erakustea da egilearen asmoa; izan ere, damuari buruzko hausnarketa zintzoa plazaratu gura du. Egiaren aldeko manifestu xaloa eta apala da, hau da, moralista. Egia defendatzea gatazkatsua suerta daiteke egun, baina zorionez, merkatuak ezin dezake dena erlatibizatu. Filmaren bertuterik handiena gidoian datza, zinematografikoki ez baitu nabarmentzeko meriturik egiten. Egitasmoaren kontzeptua erabat definitua dago, eta egilearen ahotsa garbi entzun daiteke, eraginkortasunez transmititzen baitu mezua: bizitza honetan egin daitekeen okerrena ametsei uko egitea dela, alegia. Bost lagun elkartuko ditu Cantetek publikoak biziaren zentzuaz hausnar dezan.

Gett, The Trial of Viviane Amsalem Israelek Oscar sarietarako aurkeztuko duen perla da. Film lazgarria eta hunkigarria da, baina funtsean, soiltasuna du ezaugarri nagusi; hortaz, askori aspergarria suerta dakioke. Istorio osoa lau hormaren artean garatzen da, ekintzarako abagune handirik ezin eskain dezake, beraz. Hala ere, epaitegietan ikuskizuna ziurtatuta egon ohi da. Gaia hasieratik bertatik planteatzen dute Elkabetz anai-arrebek. Senar- emazte batzuen arteko liskarra du hizpide, eta emakumeek jasaten dituzten irainak salatzea du xede.

Zuzendari Berrien sailean Toto si surorile lui/Toto and His Sisters dokumental gogor baina itxaropentsua aurkeztu da. Cain's Children-en modu berean zortearen garrantziaz hausnartzeko parada eskaintzen digu Alexander Nanau egileak. Hiru gazteren istorioa kontatzen du, eta ez daukate euren kargu egingo den inor, ama droga trafikoagatik espetxeratu baitzuten, eta aitaren berririk ez dute. Laguntzarik gabe, norbanakoaren hauskortasuna areagotu besterik ez da egiten. Dokumentu gordina bada ere, itxaropenerako argi izpi bat hauteman dezake ikusleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.