Begiz

Bloke artean galduta

Ismael Manterola
2024ko otsailaren 20a
05:05
Entzun

Galduta nago ondo ezagutzen dudan herrian. Edo ondo ezagutzen nuen herrian esan beharko nuke. Kale erdian nago etxebizitza moderno handi eta altuen artean, non nago? Uste nuen Zarautzera etorri nintzela, baina ez dut errekonozitzen. Bloke zuri-grisen artean galduta sentitzen dut neure burua, ez da hau herri honi buruz nuen irudia. Ia bat-batean herri berri bat eraiki dute lehen fabrika zahar eta soilgune batzuk besterik ez zeuden tokian. Hala ere, hura gehiago identifikatzen nuen Zarautzekin orain nagoen ingurune hau baino. Mila pertsonatik gora bizitzeko moduko auzo izugarri honetan zaila da goxotasuna topatzea. Baliteke oraindik goizegi izatea biztanleek bere egiteko espazio eta arkitektura berri hau. Egunen batean erlauntza honek bizitza lortzen badu, poztuko nintzateke. Momentuz, behintzat, ez dago ezer kale zuzen, garbi eta berri hauetan.

XXI. mendean egon arren, aurreko mendeko 60ko eta 70eko hamarkadako etxebizitza blokeak eraikitzen jarraitzen dugu. Hau al da bizitza antolatzeko modu bakarra? Ez al dago zalantzan jartzerik eraikitzeko modu hori? Herri batzuen haziera etengabeak ondorio triste hau dakar: azkar eta merke eraiki behar da, azkar eta garesti saltzeko. Askotan pentsatu dut eraikuntza enpresek etekin gehiago ateratzen ote duten eredu horrekin edo beste modu batera ere nahiko diru irabazteko aukera izango ote zuten. Nire susmoa da eredu intentsibo horrek eraikuntza enpresei mozkin handiak ematen dizkiela eta horregatik jarraitzen dugula blokeak eta blokeak eraikitzen.

Hala ere, uste dut hirigintzan eta arkitekturan nahiko aditu baditugula bestelako bizitza antolaketak proposatzeko. Herriko udaletan ere lan pedagogiko handia egin beharko genuke eraikitzeko beste modu batzuk badaudela azaltzeko. Gutxiago eraiki beharko genuke, eta hobeto. Gipuzkoako herri bat edo beste kabitzeko moduko auzoak eraiki beharrean, beste galdera batzuk egin beharko genizkieke geure buruei: Nork behar du etxe bat? Nolakoa? Zenbat etxebizitza daude hutsik herrian? Zergatik? Etengabeko hazkundea nahi al dugu gure herrientzat?

Oinarrizko galdera horiek erantzun ondoren benetako behar bat dagoela erabakitzen badugu, orduan etorriko litzateke zein forma izan behar duen behar horrek. Beharbada bloke forma izan behar dute, baina baliteke beste aukerak ere aztertu behar izatea. Urteak pasatu dira milaka eta milaka etorkini tokia egiteko presazko etxebizitza haiek eraiki zirenetik. Ez daukagu horrelako giza oldeari babesa emateko aluminosiz jotako arkitektura eraiki beharrik, beraz, lasai eztabaidatu dezagun beste ereduen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.