Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Bolumena

2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zientzia dibulgazioko artikulu batean irakurri berri dut mozkorrak gaudenean begien aurrean duguna bikoiztua ikustea ez dela berez, guk uste bezala, akatsa. Are gehiago, hori omen da bi begiz ikusteko dugun jatorrizko modua, burmuinak engainatzen duena, bi begiekin irudi bakarra ikusten dugula sinets dezagun. Eta alkoholak, drogek eta bertzelako muturreko estimuluek trikimailua indargabetzeko gaitasuna dute. Mozkortuta gaudenean mundua trikimailurik gabe ikusten dugula, alegia.

Soinuaren bolumenak ere antzeko efektuak sor ditzake. Ozena, benetan ozena den kontzertu batean izan den edonork daki hori. Gorputzaren atal guztiak dardarka jartzeko adinako bolumen astindu batek zentzumen guztiak ukitzen eta nahasten ditu, batzuk nahi gabe, bertzeak nahita, batzuk goxo (ukimena, adibidez), bertzeak, aldiz, zorrotz eta mingarri (agerian da, entzumena). Mozkorraldiarekin konparazioa eginez gero, anitzetan, ertzeko esperientzia horrek funtzio ernatzailebat oparitzen digula erratea zilegi litzateke. Zorabioarekin batera belarri ondoko hotz definitu eta zehatza emango baligute bezala. Errealitatea bertze modu batera ulertzera bultzatzeko modukoa. Ezin jakin hoberako edo txarrerako, iraultza klasikoen ereduak erakutsi digun bezala ideien mozkorraldiek edo horien gehiegizko bolumenek jende anitz heriotzeraino bulkaka eramateko gaitasun harrigarria baitute.

Baina eman dezagun baietz. Eman dezagun muturreko bolumeneko kontzertu bat entzuteak zeozer irekitzen duela gure barruko zokoren batean. Dezibelen mozkorraldiak, esperientzia soilik estetikotik haratago (halakorik egitea posible bada), gugan efektu eraginkorra sortzen duela. Horretarako entzumena galtzeko arriskuan jarri behar bada ere. Eman dezagun dezibelen eta eragindako askatasunaren artean bizia joan dakigukela. Orduan, ez al litzateke zer edo zer gertatu behar kontzertuen ondotik? Erre al ziren Donostia edo Bilbo, Goodspeed You Black Emperor, Merzbow edo Swansen kontzertuen ondotik? Edo soilik entzuleen tinpanoak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.