Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Bonba

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Gizateriak hartutako norabidearen arriskuak seinalatu zituen Günther Andersek 50eko hamarkadan, Die Antiquiertheit des Menschen liburuan. Funtsean, ideia honek laburbiltzen du bertan dioena: gizakia txiki geratu da bere gaitasunen aurrean, garapen tekniko oso handia erdietsi duelako, baina lortutakoaren eskalaz konturatzeko aukerarik gabe. Beste ezeren gainetik, bonba atomikoa zen Andersen kezka nagusia, eta Hiroshima eta Nagasakiko erasoen ondoren etorri zen hain zuzen ere lan hori.

Esan zuen heriotza bat «uler» dezakegula, harekiko atsekabea senti dezakegula, eta beharbada hamarrena ere bai. Baina hortik gora ez, «arimak greba egiten» duelako eskalaz kanpo geratzen zaizkion gertaeren aurrean. Eta, hala ere, gaitasun teknikoa dugu bonbaz kolpean milaka hiltzeko. Horregatik esan daiteke gizakia bera baino txikiagoa dela orain gizakia, ezin duelako egin dezakeenaren tamaina sentitu. Eta inoiz zeru-lur-itsasoekiko txiki sentitu izan bada, ezingo dugu oraindik ere munduarekiko txiki ez denik esan, baina giza-jardueraren beraren neurria ere handi geratu zaio.

Konta dezakegu bat, bi, hiru, lau... Erraz irudika dezakegu zer diren hamar gauza, eta hogei, ehun, berrehun... Zenbakiak hazi ahala, gero eta zailago egingo zaigu kopuruaren neurria imajinatzea, eta puntu batetik aurrera dena izango da berdin geure sentimendu gaitasunerako. Zailtasunak izango ditugu mila milioi eta ehun mila milioiren arteko aldea sentitzeko, zifra kopuru ezberdina dutela eta euren artean alde oso handia duten zenbakiak direla arrazionalki jakiteaz beste.

Hondamendirako bidetzat zuen egiteko gaitasunaren eta sentitzeko ezintasunaren konbinazio hori. Tonu ezkorrez idatzi zuen, eta etsipena nabari zaio «apokalipsiarekiko itsutasunaren» aurrean, baina amaiera aldera, norabide hori aldatzeko aukera bat proposatu zuen, Sentimenduen moldagarritasunari buruz eranskinean: musika. Sentitzeko gaitasuna handitu edo moldatzean legoke gakoa, eta beste ezerk ez bezalako indarra dauka soinuak hor eragiteko. Bonba atomiko bat zer den sentitzera gerturatzeko bide posible bat ikusi zuen hor, kontzientzia hori izan zedin halakorik egin behar ez dela konturatzeko bidea.

Artelanak sentimenduen espresiotzat hartzea lekuz kanpo ikusten zuen Andersek, hori hala balitz —edo hori baino ez— azalpenik gabe geratuko litzatekeelako zergatik hunkitzen gaituzten hainbeste. Sentimendu berriak esnatzeko baliabidetzat hartzen zuen artea, eta ez aurrez baditugunak adierazteko edo baieztatzeko. Ezaguna dugun horretan itzulika ibiltzea baino ez balitz kontua, eta bizitzako beste esperientzien aldean ezer berezkorik edo berezirik proposatuko ez balu, zertarako orduan artea?

Adibide erabat gehiegizkoa eta neurrigabea da, jakina. Andersek bere buruari emandako lana bezain neurrigabea, hala ere. Bere txikitasunetik, eta ahal zuen neurrian, bere ustez norabide txarrean zegoena aldarazten saiatu zen, alarma sortu nahi zuten liburuak idatziz. Ahal zuen apurrari heltzen zion.

Mende erdi pasa geroago, giza-jarduerak gizakiarentzako mehatxu izaten jarraitzen du, orduan oraindik susmatzen ez ziren albo-kalte batzuk ere agerian ditugula. Denbora tarte horretan, baliabide asko ekarri dizkio musika sorkuntzari hain justu bonba sortu zuen garapen tekniko berak. Pentsa zer aukera zabaldu zituzten musika elektronikoak eta sintetizadoreek, edo zeinen erraz irits gaitezkeen orain geure tripako hesteak dardararaziko dizkiguten bolumenetara, lortzen hain zailak ere ez diren soinu ekipoekin. Garapen handiak egin dira hor azken hamarkadetan. Eta esan daiteke gertatu dela demokratizazio bat ere, lehen estudio profesional batek zituen baliabideetako asko eduki ditzakegulako orain ordenagailu batean. Baina bitarteko horiekin guztiekin ere, gehiegi da bonba atomikoa. Gainezka egingo dio parean jarri nahi diogun ia edozein gauza edo gertaerari. Desastrea bakarrik iristen da tamaina horretako desastrearen neurrira.

Adibide neurrigabeak eta gehiegizkoak lagungarri izan daitezke gauza batzuk azaltzen saiatzeko, eta arteak egin dezakeen ekarpenaren bueltan ekarri dut hau. Gaitasun eraldatzaile bat ikusi zion Andersek, eta izan, badu geure munduaren eraikuntzan eraginik, nahitaez berak nahi izan zuena baino eskala askoz txikiago batean izan beharko badu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.