Itziar Ugarte Irizar.
Donostiako 71. Zinemaldia. ILUNPEKO OHARRAK

Bost azpimarra laranja (gehi bat)

2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Non hasten da pelikula bat eta noiz amaitzen da. Jaialdian euren lanak aurkezten ari diren zinemagile askok bizitzako puska onak eman dituzte egunotan ordu laurden inguruko elkarrizketetan aletu behar dutena ontzen, eta, ziurrenik, askok hurrengo proiektu batean jarrita daukate burua honezkero. Pentsatzekoa da etxera eramango dituen auto, tren, hegazkinetara igotzeko irrikan egongo direla hainbat, lan mahaian zain dutenera itzultzeko gogoz.

Elkarrizketak pilatzen diren Maria Cristina hoteleko ezker hegalean egunero frogatu daiteke: bezperan Donostiara ekarri duen filmari buruzko elkarrizketa eman dizuna industriako norbaitekin martxan duen proiektuaren inguruan hizketan entzuten duzu biharamunean, belusezko besaulkietan ur gasduna edaten.

Borborka dauden buruak—bihotzak?— behar ditu istorioak kontatzera dedikatzen den industriak —lengoaiaz kutsatzen da bat—. Eta une batez horra joan da zure burua: egunotan, metro koadro gutxitan halako zenbat buru elkartuko diren irudikatzera —elkartu dira dirua nola egin asmatu guran dabiltzanak ere, etxerako presarik sekula ez dutenak—.

Jaialdiak egunero ateratzen duen berripapera irakurtzen ere izan duzu sentsazio hori, abiadan ikusten eta irakurtzen dela dena egunotan hemen, baina badela denborarekin eta lan egitearen puruz soilik sortzen den magma emankor bat honen guztiaren azpian, sormen grinari eta pentsamendu garaikideari lotua. Horren frogatzat, egunotan jaialdiko berripaperean laranjaz azpimarratutako bost ideia (gehi bat):

«Niretzat, dena forma da: pentsamendua, gorputza, irudiak, eta poesia. Poesia, hain zuzen, formarekin modu aske batean lan egiteko gaitasuna da, formari disidentzia eranstekoa. Garrantzitsua da ulertzea forma plastikoa dela eta ez finkoa, beti aldatzen dela, gorputza bezala», Paul B. Preciado (Orlando: Mi biografía política).

«Uste dut pertsonengan keinuak dena esan nahi duela, keinua dela lehenengo datorrena beti», Damien Manivel (L'île).

«Eszenaren flow-ari adi egotea presentziarekin zerikusia duen ariketa bat da. (...) Ez dago idazterik besarkada bat zein luze izango den», Raven Jackson (All Dirt Roads Taste of Salt).

«Denbora lerro bat marra zuzen batekin marrazten baduzu—esan zigun [Lucrecia Martelek]— gizakiaren joera da etorkizuna aurrean duen zerbait bezala ikustea, parez pare begiratzen dion zerbait bezala. Errealitatea, baina, kontrakoa da: gizakiok etorkizunarekiko bizkarrez gaude, eta soilik iragana ikus dezakegu aurrez aurre», Maialen Beloki Berastegi.

«Nik asko maite dut errealismoa. Baina uste dut zinema soilik zineman egin daitezkeen gauzak egiteko baliatu behar dela», Kohei Igarashi (Suigyo No Majiwari).

«Egunkaria irakurtzen okurritu zitzaidan [pelikularako] ideia», Fernando Galvez (Los colonos).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.