Ziklikoki mugitzen da mundua. Eta ziklikoki mugitzen kantua. Tropicália ou Panis et Circensis diskoa 1968ko uztailean plazaratu zuten talde modu kolaboratiboan, esperientzia komunitario gisa, Caetano Velosok, Gilberto Gilek, Tom Zek, Nara Leaok eta Os Mutantesek. Tropikalia mugimendua —tropikalismoa edo mugimendu tropikalista gisa ere ezaguna— hezurmamitu, gorpuztu, sinbolizatu zuen/duen diskoa da, Brasilgo pop musika —musika herrikoia esan nahi baita—, antzaldatu ez ezik, eraldatu ere egin zuena.
Brasilgo musika jakintza osoa hartzen duen disko berezi, noranahiko eta bide zabaltzailea da, zaharra bezain berri. Berria bezain zahar. Nahi adina etiketa onartzen dituena, baina denborari eskapo egiten diona. Batzen dituena bossa, bolero eta sanbaren entzunaldi nahiz azterketa berrituak, eta uztartzen dituena rockarekin, psikodeliarekin. Aski modu askean. Eta hitz egiten duena, gainera, orduko kultur eta testuinguru politikoaz. Brasil diktadurak gidatzen zuen 1964tik. Militarki aurrena, zibiltasun mozorrotuz 1967tik aurrera. Erregimenak ez zuen askorik behar izan artista eszentriko haiek diktadurari ezerosoak zitzaizkiola ebazteko. 1969an, espetxeratu egin zituen bi hilabetez Veloso eta Gil, eta Londresera alde egin behar izan zuten. Hiru urteren joanean itzuli ziren.
Bestelako musika molde bat jorratzen zuen Chico Buarquek. Baina hark ere diktadurarentzat ezeroso ziren kantuak egiten zituen, eta diktaduraren aurkako protesta artistikoetan parte hartzen zuen dramaturgo, zinemagile eta enparauekin elkartuta. Atxilotu zuten 1968an, espetxeratu, eta Italiarako bidea hartu zuen 1969an. Itzuli zen, ordea, eta, 1973an, Cálice idatzi zuen, Gilberto Gilekin batera. Portugaleraz, hitz horrek izan lezake kaliza-ren esanahia, eta hoskidetasunez ekar dezake gogora «isil zaitez» edo gaztelaniazko «cállese» ere. Bibliako pasarte baten moldean emana da kantua, eta protesta politikoaren ikur bilakatu zen.
Mende erdi igaro da.
Ziklikoki mugitzen da mundua.
Sortuko ote da kantua mugituko duen kaliza?