begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Cannes, Cannes, zu zara nagusia

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sarri-sarri erabili ohi dugu futbolaren metafora. Denetarako metafora. Bizitzarena. Gerrarena. Barrenetan daramagun munstroarena. Fideltasunarena. Parekorik ez duen leialtasunarena. Izan ditzakegu maitale asko, alda gaitezke nazionalitatez ere, baina omen, inork (inor gutxik igual?) ez du txikitako futbol taldea abandonatzen eta berria aukeratzen (ez ahaztu metaforetan ari garela, konprenitu ezazue, otoi, metafora oro esajerazio hutsa dela...).

Zeluloidearekin ere futbolaren metaforak funtzionatzen du. Zinemaldi guztiek nahi dute beren ligako lehenak izan, beste guztien gainetik geratu. Zein ote planetan diren 12.000 horien artean Barça? Zein bide Real Madril? Izango al da Athleticekin konpara daitekeenik? Nortzuek jokatzen dute fotogrametako Txapeldunen Liga? Zeintzuek Europa Liga? Eta Conferance edo Ameriketako Libertadores Kopa? Ba al dago zinema festen artean River eta Bocaren arteko lehia erromantiko-basa? Bai sasoian daudenak bai urrezko erretiroa hartu nahi duten jokalariak erosteko Arabiako printzeek dituzten abilidade eta xeke taloitegi bertsuak dituen zinema bilkuretako presidente bat ere al dago?

Ba al dira zeluloidezko akelarre hauetan Ohorezko Sailetik (Premier dela, Bundesliga dela, Italiako Serie A dela...) jaisten direnak? Eta igo? Nolako izango litzateke Zinemaldien Selekzioa? Zein kapitain? Nor(tzuk) aulkian? Inter, PSG, Bayern... Venezia, Berlinale, Donostiako SIFF, Sundance... hortxe Kluben Munduko Txapelketa balizko baten lehiakideak.

Bai, kanpoan utzi dut Cannesko International Film Festival; nahita, ez baitu inolako norgehiagokatan aritzeko beharrik. Athletic bezala, bera da nagusia. Bere Urrezko Palmorria beste urrezko ikur guztiak (Lehoia, Maskorra, Malagako Biznaga, Valladolideko Galburua, Hartza) baino distiratsuagoa da eta eskuratzen duen oro itsutu egiten du. Ez du Cannesek behar hainbestetan hain polemika garratza eragiten duen Urrezko Baloirik...

Aurtengo Cannesen dagoen guztiak erraz asko erakusten du bera dela, Athletic moduan, nagusia eta beste guztiek berak nahi ez dituen apurrekin konformatu behar dutela. Beste horiek guztiek Canneskoa ez den sail batean hartzen dute parte, Cannesekin berdintzen, konparatzen ere etxekalte suertatuko liezaieketela buru makur onartuz.

Ba al dira zeluloidezko akelarre hauetan Ohorezko Sailetik (Premier dela, Bundesliga dela, Italiako Serie A dela…) jaisten direnak? Eta igo? Nolako izango litzateke Zinemaldien Selekzioa? Zein kapitain? Nor(tzuk) aulkian?

Bihar bukatuko den zinemaldian, pantailan zein Grand Auditorium Lumiereko eskaileretan, izan direnen zerrendari erreparatuz, begi bistakoa da inork ere ez duela kale egin. Denek nahi izan dute jokatu —berdin partida osoan titular, berdin azken minutuetan aulkitik aterata— Cannes partaide bakarra duen Liga eta sail honetan: Wes Andersonek, Kelly Reichardtek, Ari Asterrek, Joachim Trierrek, Lav Diazek...

Bertako partaide bakarra bere buruarekin baino lehiatzen ez den liga honetan, markako ikuskatzaileak daude. Ez pentsa, esaterako, Kristen Stewart aktorea derrepentean bihurtu denik zuzendari eta Un Certain Regard sailean The Chronology of Water film luze garratz, narras eta ona aurkeztu. Ez. The Twilight Saga-n ezagutu genuen aktoreak aurretik hiru bideoklip, telesail motz bat eta bi film labur bideratu ditu. Haietako bat, Come Swin lan arras esperimentala, Sundanceko lehian antzeman zuten Cannesko ikuskatzaile horiek. Txostena egin zuten. Abisatu egin zieten goikoei: Kristenek badaki zinema egiten. Harrezkero ez dute begi bistatik galdu. Eta, futboleko talde handiek egiten duten bezala, ordua iritsi denean... fitxatu. Portzierto, Come Swin sarean da ikusgai.

Kontu bera beste fitxaketa ospe eta oihartzun handiko batekin, Scarlett Johanssonena. Eleanor The Great hemen, Cineum izeneko zinema gunean estreinatu aurretik Ellie Gouldingen kontzertu baten filmaketako zuzendari-laguntzaile lanetan jardun zuela ederki asko zekiten Cannesen, zu zara nagusia...

Ahalguztiduna da bihar bukatuko den Kosta Urdineko Zinemaldia. Itxiera zeremonia Frantziako eta Iparraldeko aretoetan izango da ikusgai. Futboleko handiek oinarrizko kirola babesten duten bezala, Cannesek gure etxe ondoko zinema korrienteak nahi ditu zaindu...

Real Madril, Bayern, Leicester, Liverpool, Barça baino handiagoa zara zu. Eta Athleticek nola, harrobia mimatzen duzu. Hain zuzen ere, Frantziako pelikula berri guztiak hemen izan dira. Bai, zu zara nagusia.

The Chronology of Water
'The Chronology of Water' filmaren grabaketa. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.