begona del teso
Eppur si muove

Carriek 50 urte dituela, Paula eta Nerea musikan

2024ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Datorren astean ospatuko ditugu behar den modu elegantean Stephen Kingen, Brian de Palmaren eta Sissy Spaceken Carrie-ren lehenbiziko 50 urteak; momentuz, alai gaitezen Miarritze aldean estreinatu baita Frantziako Camargue eskualdean filmaturiko Emma Benestanen Animale pelikula fantastikoa, Canneseko Kritikarien Astean goraipatua izan zen izuzko, western eta beste genero batzuek nahasten dituen pelikula braboa. Sustraiak Magreben dituen emakume frantziar honen lanean, zezena dugu antzinatik, Kretako Labirintotik honantz, izan den mito eta totem izugarria.

Alai gaitezen baita ere (gaudeamus igitur…) Luso izengoitiaz bere lanak sinatzen dituen Madrilgo Luis Martinez Esteban zinemagilearen Céntrico proposamenak Gazteriaren eta Ikusleen sariak bereganatu dituelako Gipuzkoako Pasaiako Badiako Nazioarteko Film Laburren Erakustaldian. Hogei minutuko pieza honek zinez, gogoz, irudiz irudi, betetzen ditu mamudun pelikula baten baldintza guztiak. Bete eta gehiago, puztu, esajeratu ere. Gidoiak, kamerak eta musikak egiten duten azken biraketaraino. Eta norena musika? Sariak jasotzera Basauritik Pasaiara ailegatu zen Nerea Alberdirena, Vanessa Garderekin, Alfonso Vilallongarekin, Isabel Coixeterekin lan egina den konpositorea, Ravelen, Bernard Herrmannen, Nino Rotaren mireslea. Bera eta Luso akordio batera iritsi ziren, hauxe da; sokazko musika tresnak erabiliz handizkatuko zuten ikuslearen sentsazioa, beldurrak harturiko etxe batean gaudela sinetsi behar dugu, benetan sinetsi ere.

Céntrico-k Sitgesen ere lortu zuen garaipena eta Filmin plataforman da ikusgai.

Alai gaitezen baita ere (gaudeamus igitur…) Gerardo Herreroren Raqa estreinatu delako Hegoaldean. Estatu Islamiarrak menderatu lurretan kokaturiko akziozko film horrek azaltzen du, gordin, zelako tratua jaso izan zuten esklabotzat hartutako, saldutako, erositako emakumeek.

Sirian gaude, antza, baina bai Marokon eta bai Nafarroako Errege Bardeetan eta Tafallan da filmatua. Nafarroakoa da soinu bandaren egilea ere, Paula Olaz. Bere azken balentria? Donostiako Zinemaldian, non eta Belodromoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak berak Alguien que cuide de míVerano en rojoCalladita eta Bajo terapiafilmetarako konposatu musikaz, berak sortutako suite bat jo zuenekoa.

Izugarria da Paulak Raqa-rako sortutako musika. Lotu behar izan ditu intrigazko pelikula bati dagokion soinua Ekialdeko lurretan berezkoak direnekin. Lagunik onenak bildu zituen horretarako, Gipuzkoako Oiartzungo Mecca estudioetan eta Bratislavako Orkestrarekin grabatu zen soinu bandarako ezinbestekoak zirenak. Nortzuk ba? Haizezko tresna exotikoetan (kawala, ney, gasbah, klarinete turkiarra…) jakitun oso den Bizkaiko Enrique Solinis, Euskal Barrokensembleko sortzailea; perkusio arabiarrean kasik igualik ez duen Antigoaleko soka kolpeaturiko tresnetan (lawata, naad, vihuela…), David Mayoral maisua, Jordi Savall viola de ganba-jotzaile, musikologo, artista eta ikerlari primerakoarekin jo izan duena. Berak ekarri zituen soinu bandara taula egiptoarra edo santun tresnak….

(ID_14469634) (/EZEZAGUNA) raqafilma
'Raqa' filmeko fotograma.

Altxor eta adiskide horiekin guztiekin sortu zuen musika Paulak, harriduraz hartuz mirariaren lekuko izan ahal izateko Iruñera arrimatu zen Gerado Herrero zuzendaria bera. Belarriak bete soinu geratu zen txunditurik.

Paularen hitzetan, intuizioarekin jolastu zuen momentu askotan. Baita zenbait korutan parte hartua izanik, ahotsa jarri ere hainbat pasartetan. Ahotsa eta pianoa. Filmaren makina bat unetan, musika oso errepikakorra da, ikuslea, entzulea trantzean sartu nahi duena. Ahaztu gabe, filmaren protagonistak bi espioi direla, beraz, musikak bakoitzaren izaera islatu eta markatu behar du. Ahaztu barik, badagoela pantailan bi emakumeren arteko borroka bat. Hil hurren dira biak istant luze horretan eta hor musika ere borroka latzean dabil…

Adi izan, Carrie-k 50 urte betetzen dituen horretan (gaudeamus igitur…), bada film bat ikusi beharrekoa (Animale, hots) eta beste bi nahitaez entzutekoak: Céntrico eta Raqa. Alai gaitezen, bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.