IRITZIA

Chère Chantal

2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ekainak 30, Donibane Lohitzuneko tren geltokia. Hiru lagun hurbildu gara autoz Chantal Akermanen bila. Paristik datorren trenak ere hiru orduko atzerapena dauka. Hondartzara goaz, uretan freskatzera. Zinemagilea hauskor dago osasunez eta atzerapenak kezkatzen gaitu. Ez dakigu trenera igo den ere. Donibaneko kaleak lasai daude. Asteartea da. Euskal pastela erosi diogu, ez dakigu gozoa ala gazia nahiago duen, gosetuta iritsiko ote den. Trenak atzerapen gehiago dakar, bidean istripu bat egon omen da. Geltokiko leihatilak itxita daude eta ez dugu beste informaziorik. Minutuak luzeak dira. Halako batean iritsi da. Chantal trenetik jaitsi ere. Lasaitu antzera, irribarretsu. Liberation egunkaria darama besapean. Maleta handi zaharkitua. Gona xalo bat, txankletak. Kristal hautsiez beteriko begirada. Aspaldiko ezagunak bagina bezala hartzen gaitu. Atzo irten zen ospitaletik. Zigarroa ahoan. Bakailaoa eta ardo zuriarekin jarraitu dugu gaua.

Uztailak 1, KaXilda liburu-denda. Arrakalatuta mintegi sortaren azken aurreko hitzordua dugu Akermanekin. 30 bat lagun bildu gara. Bere lanaz dihardu zinemagile eta idazleak, ama zenari sakelakoarekin egindako azken filmaz, Locarnon erakutsiko duena. Levinas: «Begietara so egiten baduzu ezingo duzu akabatu». Judutarrak. Shoah. Palestina. Musulmanen erradikalizazioaz. Gerraz. Bere lanean dagoen elementuen arteko tentsioa. Ez du sentimenduekin lan egiten, ez dago dramatizaziorik, ezta pertsonaiarik, ezta fikzioaren manipulaziorik. Bere lanak publiko egiten du pribatua dena. Eta arrotz bilakatzen du familiarra dena. Nekea nabari zaio, saioa amaitu dugu.

Uztailak 2, Koldo Mitxelena Kulturunea. Jean Dielman maisulanaren filmaketaren irudi batzuk erakutsi dizkigu zinemagileak, Marion Cruza alboan duela. Akermanen lanak kategorizazioei ihes egiten diela, erradikalki feminista dela esatean zuzenketa bat egin digu: «Concentrationnaire», film horren unibertsoa kontzentrazionarioa dela. Ez du biktimismoa gogoko. Delphine Seyrig protagonista duen filmak nazismoaren kontrako unibertsoa ere badakar. Plano bakoitzean zerbait sakratua egon behar du. Bertan biltzen dira Akermanen senitarte judutarraren keinu guztiak. Antza inongo gertaerarik jasotzen duen letania osatu zuen hiru ordu baino gehiago irauten duen filmean. Otsailean egon zen ikusgai, Tabakalerak eta KaXilda lantaldeak antolatutako Akermani buruzko zinema zikloan. Sakelakoarekin lan egiteak desakralizatzeko aukera ematen du, baina aldi berean tranpa bilakatu daiteke tresna bera. Haren filmak eta idatziak ahotsa dira. Lengoaiaren erritmoa eta sonoritatea. Hemen ere ahotsa da. Amaieran, txaloak. Zigarroa ahoan.

Biharamunean agurtu dugu. Gero, denbora, espazioa. Locarno. Zinemaren industria eta programatzaileen zama. Akermanen heriotzarekin etorri da komunikabideen eta kontsentsuaren sinplifikazioa. Bizitza kausa-efektua dela, porrota eta suizidioa batera doazela subliminalki pentsa arazi duena. Zorionez, Chantal bezalako sortzaileek, bizitzaren ikuspegi laua, kartesiarra, bikitimismo zalea eta gehienetan falozentrikoa beren egitearen bitartez arrakalatu eta iraultzen dute. Askok egiteko modu hori ikusezin edo eternalki lurpean geratzea nahiagoko luketen arren, lotsagarriki, era kontzentrazionarioan oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.