Ez dute elkarren berri, eta ez dute elkarren arteko ez antzik, ez negoziorik, ez ametsik, ez izanik. Biek nahi dituzte, hori bai, lagun hurkoaren ongizatea eta gaizkileen porrot eternala. Biak gizakiak badira ere, batak bestea baino humano egiazkoagoa ematen du. Bataren azkenengo abenturan, materia eta materia-kontrakoaren aurkako lehia zen arriskurik handiena, gainditu beharreko erronka nagusia. Berak eta nahigabeko laguntzaile suertatu zitzaion Wolverine-Otsokumek gailentzen ez bazuten (ez izan dudarik, garaile atera ziren...) akabo existitu diren, existitzen diren eta existituko diren mundu gureak.
Bestearen gerra egunerokoa da. Ez pantailan, ez multibertsoetan, ez izar marroietan edo zulo beltzetan, baizik eta orduero, minutuero amildegitik pixkatxo bat hurbilago den Argentinan, Mileiren jolas parkean, alegia.
Batak Xantio egunean okupatu zituen Euskal Herriko kasik areto guztiak. Bestea aipatu Mileiren aurrean belauniko jarri ez diren hedabide batzuen jabea da eta ilaje xelebreko Javier horrek zerra mekanikoaz txikitu duen oro saiatzen da konpontzen. Txulo samar saiatu ere, argentinar erara, hain zuzen ere.
Batak kotxeak saltzen ditu bere ezkutuko eguneroko bizitzan. Kotxe arruntak, ez luxuzkoak. Besteak soberan du dirua. Barra-barra. Handiki ezkertiarra da. Kulturaz kezkaturiko handiki ezkertiarra. Bata komikietako eta zeluloidezko izakia da. Bestea, nahiz eta benetakoa ez iruditu, existitu egiten da bizitza errealean, eta bere egin du Argentinako zinema salbatzeko misioa.
Batak izena badu, Deadpool. Baita izengoitia ere, Mertzenario ahozabala, hots. Bestea haragi eta hezurrezkoa da, baina ez da ez pantailetan, ez paperetan agertzen, eta bere izena aipatzeko baimenik ez dugu. Ez baimenik ez, egia esatearren, gogorik, aberri salbatzaileek beldur pixka bat ematen baitute.
Batak izena badu, 'Deadpool'. Baita izengoitia ere, 'Mertzenario ahozabala', hots. Bestea haragi eta hezurrezkoa da, baina ez da ez pantailetan, ez paperetan agertzen, eta bere izena aipatzeko baimenik ez dugu
Hala eta guztiz ere, askoren ustez eta ametsez, berak salbatuko du Argentinako zinema. Hitz-jario izugarria du. Diru-jarioa bezain amaigabea. Erabaki berri du ekoizle bihurtuko dela, Mileik eta bere jarraitzaile makabroek sosik gabe utzi baitute bere herrialdeko zinemagintza. Dirua erruz duenak mahai gainean jarriko ditu dolarrak eta aurrera egingo du, bide, omen, Buenos Airesko zinemak. Are, hainbat eta hainbat bidaia-txartel pagatu izan ditu Argentinako zinemagileek Berlingo, Cannesko, Veneziako jaialdietara joaterik izan dezaten, bertan lotzen diren hartu-emanak arras garrantzitsuak, hil ala biziko kontuak, izan ohi direlako. Bizirauterako.
Izenik ez, baina izana (mugarik gabekoa hori ere, hitz eta diru-jarioa nola) baduen beste superheroi antzeko horrek Argentinako zinemaldiak ere nahi ditu berriro martxan jarri. Bere poltsikotik sos kantitate politak eskainiz. Egunotan, zoom eta bideo deialdien bitartez ari da gure inguruetako zinemaldiak sorgindu nahian. Argentiako pantailak argirik gabe badira, non piztuko berriak?
Ez esan kontaketa honek superheroien arteko norgehiagoka ematen ez duenik.
Buelta ditzagun begiak zeluloidezko superheroiengana. Inor gutxi agertu da Deadpool and Wolverine-ren alde —kritikariez ari naiz, ikusle andanak eta andanak bat egin dute Shawn Levy zuzendariarekin, eta berak sortutako pelikula diru-leihatilako goi mailara ekarri—, baina zin degizuet: uztailaren bukaerako eta abuztuaren hasierako sargoriaz babesteko asmakizun ederra da.
Alde batetik, hain baita queer/cuir/kuir/drag/trans/bekatore Mertzenario Ahozabalen eta Otsokumerenarteko erlazioa, beren arropa xelebre horiek estu eta hertsi jantzirik dituztela. Robert Redforden eta Paul Newmanen Butch Cassidy and The Sundance Kid edo The Sting pelikuletatik ez genuen horrelakorik ikusten, horren homoerotismo handiz zamaturiko filmik. Horrela, hain tontamentean. Are, munduko txakurrik itsusienarekin Deadpoolek duen harremanari erreparatuz gero, eta aurreko bi pelikuletan agertzen zena ere aztertu ondoren, zera esango nuke, lasai asko esan ere: kreatura bitxi hori pansexual erabatekoa da.
Bere gustu musikaletan ere, pansexuala. Deadpool hirugarren honetan, Madonnaren Like a Prayer borroka eta desafio ereserki sutsua bilakatzen da eta denak emanda, elkarri jota (badakizue zeinen mehea den amodioaren eta gorrotoaren arteko lerroa) ari direla, Grease-ko You're the One that I Want entzuten da ozenki, topera. Bai... Travolta eta Olivia, o yeah.
Ikusten? Agian hobe legoke mundua superheroi pansexualen eskutan uztea. Bitartean, kontuz ibili hitz eta diru jarioa duten salbatzaileekin. Badaezpada ere.
A, benetako zinema ikusi, dastatu, entzun, pairatu nahi baduzue (besteak mundua salbatzen saiatzen ari direla), izan zaitezte balent, eta Kamal Lazraqen Les meutes aukeratu.
