begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Denok gara Barbie, Jane, Sica, Gloria, Kitty...

2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Kexu agertu ohi dira emakumezko eragile, ekintzaile pila bat emakumezko erreferenteak ezkutatu, ezabatu, baztertu, mespretxatu izan direlako Historian eta istorioetan. Zokoraturik zientzietan. Ahazturik kiroletan. Gutxietsirik arteetan...

Zaudete lasai, ahizpok. Garaiak ari dira aldatzen (iraultzen, idatziko nuke nik...), eta panpinak ere matxinadaren banderariak bilakatu dira.

Bai, txispaz armaturiko aitzindariak, zin dagizuet. Gogoan Eugene Delacroixek pintaturiko Libertatea Herriaren gidari izenburuko margolana? Bertan, batere gizalegerik gabe jokatzen zuen erregearen kontra 1830eko uztailaren 28an Parisen izan zen erreboltaren alegoria pintatu zuen Delacroixek. Hor dago libertatea, batere beldurrik ez duen emakume batek haragiztaturik...

Bada, panpinak ere barrikadetan daude gurean. Jakina, Barbie-z ari naiz. Agian ez da kointzidentzia hutsa bera eta Kubako Iraultza adin berekoak izatea...

Fenomeno, giza fenomeno bihurtu da Greta Gerwigen filma, eta gure etxe ondoko zein urrutiko aretoetan gure ahizpen saldo mordoa zutitu egiten da pelikulako pertsonaia arras garrantzitsua den Gloriak plastikozko neska eder horri azaltzen dionean... emakumea izatearen nondik norako krudela.

Benetan, zutitu egiten dira zinemara arrimaturiko neskak, eta txalo zaparrada jo Gloriak esandakoari. Sareetan aurkituko duzue, hizkuntza ugaritan, diskurtsoa. Hona hemen laburpen antzeko bat: «Ia ezinezkoa gertatuko zaizu emakume izatea. Mehe izan behar duzu. Baina ez meheegi. Ezin duzu 'Mehe izan nahi dut' esan, 'osasuntsu izan nahi dut' baizik. Alta, aldi berean, mehe izan behar duzu. Dirua izan behar duzu, baina ezin duzu dirua eskatu, hori itsusia baita. Jefa izan behar duzu. Baina jefa jatorra. Zure lantaldea gidatuko duzu, baina zure taldekide bakarra ere ez duzu zapuztuko. Kontu jakina da, ama izatea gogo-gogoko izango duzu. Berriz, ezin izango dituzu egun osoan zehar zure umeak hizpide eduki. Profesional joko duzu beti lanean, baina aipaturiko lankide horien ardura hartuko duzu gustu handiz... Zure gain hartuko duzu ere gizonezkoen ohiko portaera traketsa, baina zeozer esanez gero, kexati hutsa zarela leporatuko dizute. Guapa izan behar duzu. Baina ez gehiegi, edo gizonak tentatzen ari zarela pentsatuko dute ahizpek, eta sekula ez zara ahizpatasun horren kontra agertuko. Hala ere, beste askoren gainetik egon beharko duzu, eta gailurrean (edo) zaudelako, esker oneko agertu. Nahiz eta ederki jakin sistema oso hori azpijokoz sortutako gezur hutsa dela...

Ezin duzu zahartu. Ezin duzu fanfarroi, zurekoi edo lotsagabe izan. Ezin duzu porrot egin, ezin duzu amorerik eman. Ezin duzu irmo arauturik den mundutik atera...

Zailegia da! Kontraesankorra oso! Eta gainera, inork ez dizu eskerrik emango. Are gutxiago dominarik emango. Aldiz, egingo duzun guztia gaizki egingo duzu, eta, gainera, errua beti izango da zurea...

Kopetaraino nago. Are kopetarainoago, panpina batentzat ereemakume izatea kasik ezinezkoa dela konturatzean...».

Ez dizuet kontrakoa esango, Barbie pelikula kontraesan frankoz josia dago, baina gustuko dut txartel leihatila guztietan marka guztiak hausten ari den pelikula komertzial (eta on) batean horrelako emakumezkoen aldeko diskurtsoak (sistemak onartuak, badakit, ahizpok) aditu ahal izatea.

Ulertzen dut, sexu-generokide nireak, zaila zaizue merkatu orotan eta Mattel fabrikatik atera zen unetik The Sterotypical Barbie deitua izan den panpina gutakotzat onartzea. Ados. Emaiozue zuen buruari tarte bat, ohitu egingo zarete eta. Bai, jakina, nik ere Annabelle, Deabruzko Panpina-ren Tiffany nahiz M3gan nahiago eredu eta banderadun gisa, baina...

Zuen ezezkoak biribila izaten jarraituz gero, lasai, Sigourney Weaver eta Elizabeth Banks erreskatera datoz. Ez galdu Carol-en gidoia idatzi zuen Phyllis Nagyren Call Jane. Jakina, ikusten ari zaretela, Las buenas compañías izango duzue gogoan. Jakina, gaur egungo egoera ikusita, azken eszenako festak min gazia emango dizue.

Ez galdu ezta ere Sica filma—gaur Txillida Leku museoan ematekoak ziren, baina eguraldia dela eta, bertan behera utzi dute proiekzioa—. Horretan ere, Galiziako itsasertzean, emakume batzuk (kontraesan ederrez gainezka) ageri dira, jo eta fuego aurrera, bizirik, sano eta kasik salbu atera nahian, basan.

A, erreparatu ere, arren, otoi, faborez, Kitty Oppenheimerren jarrerari senarra epaitzen ari zen epaimahaiaren aurrean. Hemen ere, gizalegeari zein emakume izateari dagokien portaera braboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.