Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Desengainuen barometroa

2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Filmei dagokienez, urte ederra gertatu zait 2014a. Baina ez ditut hemen film onenen izenburuak botako. Boyhood dela, Magical Girl dela... Susmatuko duzuen bezala, gehienenak bezalaxe, beste ordena batean. Nahiz eta pozgarria izan, zinema aretoetan bizi izan ditudan etsipen handienak aipatuko ditut. Argitu beharra daukat desengainuek ez dutela zertan film txarrak direla adierazi nahi: huts egitea da, zerbait espero zenuenean. Niri, min handiagoa ematen dit dezepzioak, traizioak baino.

Trailerra ikusi eta berehala maitemintzen zaituzten film horiei buruz ari naiz: gogoko duzun zuzendaria, izugarrizko sinopsia, sekulako aktoreak, musika, argazkilaritza... Osagarri zoragarriak. Baina zure filmik kutunenetakoa bilakatzeko diseinatua dagoen arren, dezepzio latza gertatzen da. Handiena. Gogorrena. Eta orduan, ezinikusia sortzen da.

Amodiotik gorrotorainoko bidea etxeko zapatiletan zeharka dezakegu eta. Zenbait pertsonarekin berdin gertatzen da: haiekin bat-batean maitemintzeko txoratzen zaituzten gauzez osatuak daude, baina ez zara haiekin maitemintzen. Maite ditugunei gu engainatzen uzten diegulako, baina benetan maiteminduta bagaude soilik. Hori da tratua.

Eta, aurten, nire oheburuko zuzendari batzuek huts egin didate. David Fincher eta bere Gone Girl telefilm efektistak, adibidez. Wes Andersonen The Grand Hotel Budapest kartoizko pelikula faltsuak, beste hainbeste. Baita Hayao Miyazakiren magia gutxiko eta metraje luzeko Kaze Tachinu agur gisako filmak. I Origins-en kasua oraindik ezin dut ulertu, eta neure buruarekin haserretzeko aukera eman dit.

Noski, ez naiz ausartu Ridley Scott eta Stephen Daldryren azkenak ikustera; Tim Burtonekin bezalaxe —bihar estreinatuko den Big Eyes ikusi aurretik diot—, etsipenak bata bestearen atzetik datoz, etengabe.

Aurreiritzi onak, berriz ere, nire kontra. Baina bestelako aurreiritziek ezustekoak aurkitzen lagundu didate. Besteak beste, Alexander Paynerekin adiskidetzera Nebraska filmarekin. Eta —hau bai ustekabea— Interstellar film astun eta jelatuaz gozatu dut, nahiz eta Christopher Nolan eta bere Inception nire bizitzako etsipenik handiena izan. Azkenean, etsipena izango da nire ingurunea balioztatzeko barometro bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.