Badira hilabete batzuk Ai Weiwei artista txinatarrari buruz idatzi nuela egunkariko tarte honetan.
Ai Weiwei Txinako zeramikazko ontzi zaharren gainean mendebaldeko produktuen izenak jartzeagatik egin zen ezaguna. Baina haren lanik ezagunena Beijingo Olinpiar Jokoetako jokaleku nagusiaren diseinua da. Herzog eta De Meuron arkitektoek eraikitako estadioa Ai Weiweirekin elkarlanean egin zen eta 2008ko Olinpiar Jokoen ikurra edo irudirik ezagunena bihurtu.
Aste honetan zabaldu den berriaren arabera, Shanghaiko agintariek estudioa bota diote Txinako artistarik ezagunenari. Artistak berak esandakoaren arabera, gobernuaren mendekua izan da, Liu Xiaobo Bake Nobel saridunari elkartasuna azaltzeagatik.
Egun hauetan goi funtzionario txinatar batek Espainia bisitatu duela eta, argazki interesgarriak argitaratu ditu prentsak. Irudietan ondo ikusi da Espainiako agintarien eta enpresarien asmoa (gogoa, irrika) txinatarra ondo hartzeko edo gustura lagatzeko. Horren lekuko, presidentea edo goi kargua izan gabe ere, Espainiako erregeak funtzionarioa jauregian hartu izana. Orain dela gutxi hildako Berlangaren Bienvenido Mister Marshall filmaren ekialdeko remake-a egiteko moduko ikuskizuna izan da txinatarraren bisitaldia.
Diru hotsa sumatzen denean ez dago giza eskubiderik. Kubarekin hain kezkatuta dauden Europako Batasunak eta Espainiako estatuak ez dute enbargorik eskatzen disidente politikoak hiltzen edo kartzelan usteltzen uzten dituen estatu ahalguztidunarentzat. Hala ere, ez dabiltza ondo Txinako agintariak. Europak hobeto asmatu du disidentzia kulturala isiltzeko modua. Sariak ematea izan daiteke ahoa altxatzen duten intelektualak otzantzeko modurik eraginkorrena. Galdetu diezaiotela bestela aurtengo beste Nobel saridunari, literaturako saria jaso duen Mario Vargas Llosari hain zuzen. Espainian ahalegina egin zuten iazko Arteen Sari Nazionala itxuraz sistemarekin kritikoa den Santiago Sierrari ematearekin. Sierra agintariak baino azkarragoa da eta sariari uko egitearekin errenta handiagoa aterako ziola erabaki zuen.
Estatuaren onarpena eta komunikabideen bideak ixtea nahikoa da disidentziarekin bukatzeko. Arteak min gutxi eman dezakeela badakite mendebaldeko estatuek, integratzean dago koska, edo deserosoa den ehuneko txikiaren jasangarritasunean.
Begiz
Disidentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu