begona del teso
Eppur si muove

Egunsentia arratsean argitzen den hiri (et)an

2024ko urriaren 11
05:00
Entzun

Badira Iparraldean galdu ezinezko bi film. Batak, Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi ondoren Donostian jaso zuen TVEk babesturiko La otra mirada (Beste begirada) izeneko garaikurra, emakumezkoen potreta ahalik eta benetakoena laudatzen duena. Bestea oso esanguratsua da egun, urakanek jotako Ameriketako Estatu Batuetan hauteskundeak hain hurbil dauden garai honetan, hain zuzen ere.

Batak All We Imagine as Light du izenburu, Payal Kapadiak egina. Bestea Ali Abbasik sinatua datorkigu: The Apprentice. Biak izango dira berandu baino lehen Hegoaldeko saloi zinematografikoetan ikusgai.

Payal Kapadiak pribilegio handiko eta anitzeko pertsonatzat du bere burua. Gizarte maila altuko familia baten alaba, inork ez zion ukatu nahi zuena ikasteko eskubidea. Ez ukatu ez urratu. Senide asko zituen artistak, beraz, inork ez zuen harriduraz hartu berak zinema egin gura zuela esatea. Hala eta guztiz ere, ez da erraza Bollywood estilokoak ez diren pelikulak egitea; Bollywood estiloko amodiozko, akziozko, musikaz beteriko zinemak dena bereganatzen, estaltzen, okupatzen duen herrialdean; Indian alegia. Ez da erraza ere Slumdog Millionaire bezalako zeluloide gezurterora usatua den mendebaldeko ikusleriarengana iristea. Are gutxiago dirua eta bitartekoak jarri beharko lituzketen ekoizleengana ere. Bost urte eman zituen Kapadiak bere filma aurrera ateratzeko ahaleginetan. Mundua korritu zuen eske, bila. Azkenean, Fantzian, Luxenburgon, Herbeheretan eta Indian ere aurkitu zuen finantziazio ezinbestekoa.

All We Imagine as Light Mumbai hiriko hiru emakumeren erretratua da. Montzoia ari da bortitz jotzen bertako gauean, hain basaki, ezen behin baino gehiagotan Blade Runner-eko euri eternal eta infinitua etortzen zaizun burura eta begietara. Montzoia montzoi, ezerk ez du bizitza galarazten eta geldiarazten kale horietan. New York sekula lo egiten ez duen hiria dela entzutera ohituak garen mendebaldekook, ederki asko ulertzen dugu All We Imagine as Light honek Mumbaien egunsentia arratsean argitzen dela esaten digutenean. Bor-bor egiten dute bizitzak eta herioak, ametsek eta etsipenek montzoipean. Eta aurrera filmak, zerua urratu arte. Ez Mumbain, baizik eta kostaldeko leku abandonatu batean. Bat egiten dute bertan mamuek eta bizidunek, hain baita estua bizitza heriotzatik bereizten duen marra alegiazkoa.

Aipatutako beste filmaz zera irakurriko duzu izkinetan: Donald Trumpen inguruko fabula maltzurra da. Bai, baina ez. Egia da, izenburutik beretik kartzelan egon beharko lukeen presidente ohiaz eta gaur egungo hautagaiaz akordatzen zara: zeren, The Apprentice baitzen, hain zuzen ere, berak gidaturiko telebista saioaren izena. Bertan jendeari  gailurrera iristeko lezioak ematen zizkion. Egia da menderaezina suertatu den munstro baten agerpen eta garapenaren lekuko haluzinatuak garela pelikulan, baina nire irudiko, arras garrantzi handiagokoa da bere ondoan esertzen den abokatu hori, Roy Cohn izenekoa. Doilor, zital, zuhur, oldarkor, mafiaren, negozio-munduaren eta unibertso politikoaren arteko bitartekari sasikoa. Eta ez preseski debalde, dohain.

Ez gara hasiko lerrootan Donald Trumpen inguruan ditugun susmo txar guztiak aipatzen, zenbatzen, argitan uzten. Beraz, bil dezagun gogoa bi gaizkile horiek islatzeko Ali Abbasik eta kamera darabilen Kasper Tuxen argazki zuzendariak erabiltzen dituzten zinema maneretan. Momentu askotan The Apprentice-k 70eko eta 80ko hamarkadetako ispilu gardena ematen du. Horren zehatz eta benetako agertzen zaizkigu eta, bai hiria, bai hiritarrak, bai azpijoko ekonomiko eta politiko guztiak. Dokumental baten aurrean zaudela pentsatuko duzu pasarte askotan. Izan ere, ederki asko daki munduak, Trumpen inguruan egiten den ezer, nahiz eta fikzioa iruditu, beti dela errealitatea, dokumentua. Errealitateaz harago doan egia fikzionatua, nahi izanez gero…

Mumbain egunsentia arratsean argitzen da. Loak sekula ez du New York harrapatzen. Biak dira bi zinema puska, galdu ezinezko paisaiak. Biak lotzen dituzten pelikulak Iparraldean daude, biak ailegatuko dira  lehen baino berandu Hegoaldera.

(ID_17238097300215) (/DONOSTIAKO ZINEMALDIA) ZINEMA
All We Imagine as Light filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.