Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Ehiztariaren Gabon zaharra

2014ko abenduaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzo enteratu nintzen munduko hiri zoriontsuenetako batean bizi naizela; Donostian, National Geographic aldizkariaren arabera behintzat. Eta, gauzak zer diren, niri aste honetan hater —gorrotatzailea—deitu didate hiru aldiz; betiko marmartia baina modernoagoa esan nahi ei du. Madarikatuak, arrazoia izango al dute? Aspaldi ikasi nuen Gabonei pultsua ez hartzen, baina badirudi Mr Scroogerenak egiten ibiltzen naizela, klixea bilakatuz.

Baliteke aurten txoko honetan bilis kopuru dexente bota izana. Erruki nazazue. Nirea, umore hater-a dela jabetu berri naiz. Hau ere, kontzeptu modernoa iruditu arren, aspaldi da Groucho Marx zakarrak etengabeko iraina umorea bihurtu zuela. Oheak liburuan, kalean zehar jendeak iraintzea eskatzen ziola aitortu zuen; Margaret Dumont bezalaxe sentitu nahi ziren.Egurra jasotzea ere badugu gustuko.

Edozelan ere, Robert Mitchumek The Night of the Hunter filmean hatz-koskorretan love eta hate hitzen arteko borrokan bezala, nire dualtasunean lehenengoa txapelduna dela ziur naiz; amodioa non ipini jakitea beste kontu bat da. Gorrotoa, ostera, errazago da kokatzea. Baikor konformistetan, adibidez. Ehiztariaren gaueko aipu biblikoa ekarriko dut: «Ez zaitezte fidatu profeta faltsuez, arkumearen larruekin estali baina barrutik otso basatiak dira. Beraien fruituengatik ezagutu dituzue». Erruki, jauna.

Ba lover bat naizela ikus dezazuen, urte amaierak arima turroi biguna bihurtu didala aitortuko dut. Urtero lez, Gabonetan telebistan igortzen dituzten fantasiazko pelikula paganoek mirakulua lortu dute. Zehazki, aldi berean milioika ikusle film bera ikusten ari garela jakiteak indarberritzen nau, besarkada komunal baten erdian sentiaraziz.

Musika kontzertuetan izan dezakegun sentsazioa, zineman aspaldi desagertu zen. Nahiz eta 2014an zinema aretoetako ikusleak ugaldu, nahiko hutsik ikusten dira. Eta etxean, ordenagailuaren bakardadeak telebistako emanaldi bateratzaileak ordezkatu du. Baina, egun hauetan, sofatik telebista ikustea denok batera ilargiari begiratu bagenio bezala da. Urte berri on, bitches.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.