Yurre Ugarte.
Literatura

Elena Garroren denborak

2024ko apirilaren 21a
05:10
Entzun

Nolatan ez nuen lehenago irakurri? Horixe pentsatu nuen Elena Garroren Los recuerdos del porvenir nobela irakurri eta gero. Galdera extra-literarioak piztu zitzaizkidan. 1963. urtean argitaratu zen Mexikon, eta, mendebaldeko literatur kritikarien arabera, Elena Garro (Puebla, Mexiko, 1916-1998), errealismo magikoaren aitzindaria izan zen. Nork zuen horren berri, ordea? Irakurzale gehienen artean, are boom latinoamerikarra deiturikoaren liburuak irakurri ditugunon artean, zenbatek daukate Garroren lehen nobelaren berri? Zenbatek irakurri dituzte haren liburuak? Ez al zen Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad (1967) errealismo magiko deiturikoaren hasiera, erdigunea eta infinitua? Zer nekien nik Elena Garrori buruz?

Octavio Pazen emaztea zela nekien. Octavio Paz, poeta eta saiakera egilea: literatura Nobel sariduna, Mexikoko poeta nazionala izendaturikoa. Izan ere, badut Octavio Pazen saiakera liburu bat etxeko apalategi bateko hauts artean.

Elena Garroren literaturgintzaz tutik ere ez nekien, duela gutxira arte. Haren obraren oihartzunik ez zitzaidan heldu, duela gutxira arte. Ez da kasualitatea: duela gutxira arte, emakume idazleek sortutako lanek, orokorrean, ez dute interesik piztu, ez behintzat gizonezko kideenak piztu adina, eta haien liburuen ikerketa, balorazioa, errekonozimendua eta prestigioa ere ez dira sekula maila berean kokatu. Duela oso gutxira arte, literaturaren merkatuan eros zitekeen Elena Garroren liburu bat honako publizitate (edo irain) honetan bildua: «Octavio Pazen emaztea, Bioy Casaresen maitalea, Garcia Márquezen inspiratzailea eta Borgesek miretsia»—Dracena argitaletxeak, 2016an, Garroren Reencuentro de personajes liburuaren berrargitarapenean—. Nork irakurri nahiko luke halakorik? Nola hasi baldintza egokietan irakurtzen kanpotik jada azpiratua datorkiguna? Saldu nahi den obraren gainetik gizonezko egileen begirada balioetsi, lanaren beraren dimentsioa murriztu eta egiletza ia ezeztatu: horrelakoak pairatu dituztenen artean, Elena Garroren kasuak badu bereizgarririk. Estreinako nobelarekin, Los recuerdos del porvenir-ekin, kritikari mexikarren Xavier Villaurrutia saria jaso zuen. JL Borgesek «Mexikoko Tolstoi» deitu zion. Hala ere, 1968an, jada Pazengandik bananduta zegoela, erbesteratzea erabaki zuen. Madrilen eta Parisen bizi izan zen alabarekin, Helena Paz Garro poetarekin, eta Mexikora ez zen 1994ra arte itzuli. Esan liteke auto erbesteratzearekin hasi zela Garroren desagerpena, edo «hilketa», Patricia Rosas Lopategui ikerlariaren hitza erabili ezkero (El asesinato de Elena Garro, 2006). Politika, intelektual mexikarrak eta Octavio Pazekin izandako harremana nahasten dira Mexikotik aldentzeko hartu zuen erabakian. Garroren literaturaren (ber)hedapena, batez ere, 2016an hasi zen, haren jaiotzaren 100. urtemugarekin. Egun, Mexikon, Elena Garro ikono eta mito bihurtu badute ere, pobrezian hil zen, 81 urte zituela, alabaren eta katuen konpainian, Cuernavacan, jaioterritik gertu.

Geroaren memoria

Posible al da etorriko dena oroitzea?

Denboraren dimentsioa da Los recuerdos del porvenir eleberriaren ezaugarri nabarmenetako bat. Orainaldia etorkizunaren iragana ez ezik, iraganaren geroa ere bihurtuta, dimentsio zirkular baten edo etengabeko itzuleraren sentsazioa sortzen da, denbora igaro arren beti une berean egotearena, presentzia eternal baten sentipenarekin batera. Gabriela Cabezón Cámara idazleak Alfaguara argitaletxearen 2019ko edizioaren hitz osteetako batean dioen moduan: «Hauxe kontatzea lortzen du Garrok: ezeztaturiko denbora, oximoron bikain hauxe: axola ez duten gorputzen hilketetan denbora ezeztatzen den modua».

ELENA GARRO
ELENA GARRO

Denboraren hiru kontzeptualizazio bereiz daitezke nobelan: mendebaldeko biztanleon denboraren kontzeptua, iragana, oraina eta etorkizuna linealki banatzen dituena; Mexikoko jatorrizko herrien denbora zikliko eta errepikakorra, maien eta mexiken zibilizazioek ulertzen zuten eran; eta hirugarrena, jainkoen denbora estatiko eta eternala. Denbora horietan, Ixtepec herria da narratzailea, espazioa dugu kontatzaile. Gainera, Ixtepecek hitz egiten digu pluraleko lehen pertsona orojakile batean, baina singularra dela dirudi, sortzen duen efektua badelako pertsona bakar batek irakurle partikular bati belarrira hitz egiten dionean bezalakoa. Mexikoko iraultzaren ondorengo gertakizunak kontatzen ditu, 1926-1929ko gerra cristera garaikoak: lurraz gabetzeak, arrazismoa, jauntxoen klasismoa eta emakumeen aurkako biolentzia. Maila sozial guztietako pertsonaiak ageri dira: militar ustel eta hiltzaileak, prostitutak, laborariak (agraristas), apaizak, goi mailako familiak. Emakumeek berebiziko presentzia daukate; protagonistak diren arren, mamuak dirudite askotan; gizonek deuseztatuak, memoriara kondenatuak. Patriarkatuaren kritika, emakumearen rolak, mexikar iraultzaren porrota eta arrazismoaren gaiak ditu ardatz.

Emakumeek berebiziko presentzia daukate; protagonistak diren arren, mamuak dirudite askotan; gizonek deuseztatuak, memoriara kondenatuak.

Los recuerdos del porvenir-en, militar tirano baten menpeko herritarrek isiltasuna baliatzen dute, geratzen zaien baliabide bakarra, mendekua eragiten saiatzeko. Fuenteovejuna antzeko bat da Ixtepec, «Fuenteovejuna mestizoa, amerindiarra, latinoamerikarra», Cabezón Cámararen hitzetan.

Irakurri bitartean, Ixtepecek errealitate haluzinatu bat zekarkidan, non egunerokoa jasan ahal izateko, herritarrak ia eldarniozko bilakatu diren, irakurlearen zentzuak deskolokatzen dituen giro bat sortuta. Garroren liburua beste inorenarekin konparatzeko tentazioa saihestuko dut, neure buruari oroitarazita memoria eta literatura ez direla konparazio ariketa bat, eta, beraz, ez dut «Garro da onena» edo beste hotsandiko sententziaren bat botako, Luna Miguel idazlearen hitzok gogoan: «Arranditsu izatearen sentimendu gorrotagarri hori. Hain maskulinoa den zera hori: onena eta handiena zarela gogoratua izan beharra, eta ez ederra den zerbaiten funtsezko zati bat, edo ezta hori ere!». Halaber, murriztailea iruditzen zait Garroren nobelapentsamendu magikoa-ren etiketapean sailkatzea, kontuan hartu behar baita pentsamendu edo errealismo magikoaren ditxosozko etiketa ezarri izan zaiela mundu-ikuskera ez mendebaldarrei, hain justu, mendebaldeko tradizio literarioaren erdigunetik, betiere gutxiespenetik edo mespretxutik. Gainera, soilik, nola ez, saltzeko helburuarekin egindako sailkapena dela ere ezin ahaztu.

Ixtepec bada, era berean, egungo Mexikoko edozein herri; narkoena, feminizidioena, milaka hildakoena. «Izutzeko modukoa da gure egungo gizartearekin duen antza», dio Guadalupe Nettel idazle mexikarrak. Klasiko bat dela diote beste batzuek. Denbora zer den: oraingoan, bai, Elena Garroren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.