Nire irakasle soldatari esker aurreko urtean etxean jarritako berogailu-sistemako pantailatxoa begiratu nuen: 17 gradu. Giro ezin egokiagoa ordenagailu frentean eseri, eta beharrari kemenaz ekiteko. Virginia Woolf etorri zitzaidan gogora: emakume idazle batek norberarena den gela eta bizitzeko dirua behar dituela, idazle izan nahi badu. Azken finean, behar duela jatekoa nola erosiko duen kezka ez bihurtzea; behar du gogoetari denbora eskaini, frogari eta akatsari, funtsa duen lan literarioa ekoiztu nahi badu. Eta gauza bera aplikatzen diot neure buruari, idazle ez naizen arren. Nire gela, hilero iristen den soldata eta beroa etxean, lanaren kalitatea bermatzen duten oinarrizko elementuak dira.
Katilua eskutan, Ikea-ko katalogokoa izan zitekeen marko perfektuan, mugikorrean Facebook ireki nuen, eta zaplazteko modura jo zidan Nora Aurrekoetxeak, Okela Sormen Lantegiko artistetako batek, zintzilikatutako irudiak: bere estudioa, gainean letra larriz, «3°C». Argazkiaren izenburua, «Prekarietatea Artean #hastaelkoño». Okela harategi zahar bat da, eta bere paretako azulejuak, bere hozteko kamara irudikatzean hotzikara errudun bat sentitu nuen.
Egun batzuk geroago LaTaller guneko erakusketatik pasatu nintzen. LaTallerrek irabazi zuen 2016an eragile garrantzitsuenaren Gure Artea saria; eta esan dezakegu Euskal Herriko arte produkzioaren puntan kokatzen den espazioa dela. Maitek, arduradunak, jasotako sariaren diruarekin erositakoa erakutsi zidan. Ez ziren Maldivetara egindako bidaia baten argazkiak, inolaz ere. Grabatu klaseak ematen dituen gela eta erakusketa aretoa berotuko dituen berotze-sistema zen. Tximiniaren aurrean ikusi nion zoriontasun aurpegia eskale dickensiarrek jateko zerbait lortzen zutenekoaren antzekoa zen.
Ez dira soilik nireak hitzok: lazgarria da, tamalgarria, terriblea, Euskal Herriko kultura, irudia eta hitza, ikusezina den izpiritua eraikitzen ari direnak prekarietaterik gogorrenenean bizitzea. Kontu honetaz hitz egin behar dugu, eta arin, artistak izoztuta geratu aurretik.

BEGIZ
Elurra teilatuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu