Ismael Manterola
BEGIZ

Emakumeak abstrakziogile

2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Horixe da Bilboko Guggenheim museoan zabaldu duten erakusketaren izenburua. XXI. mendeko bigarren hamarkadan ageriko kontua izan beharko litzateke emakumeek arte abstraktuaren eraikuntzan parte hartu dutela esatea, egiaztapenaren egiaztapena edo horrelako zerbait irakurri beharko genuke erakusketaren izenburuan. Baina, zoritxarrez, ez da horrela. Historiografia ofiziala aldatzea asko kostatzen da, eta oraindik eskuliburuetan edo dibulgaziorako erabiltzen direnetan, emakume artistak abstrakziotik kanpo geratzen dira. Ikerketak aurrera jarraitzen du, baina topikoak alboratzea ez da erraza, batez ere kontakizuna sinplifikatu nahi dugunean. Sarritan ez da ondo ulertzen zergatik ezin dugun jarri Hilma af Klint edo beste emakume baten lana Kandinskiren ondoan, edo zergatik ezin dugun Sonia Delaunayren lana Picassorekin batera aztertu.

Horregatik, Guggenheimeko erakusketan dauden 100 emakume artistatik gorako 400 lan baino gehiagotan harritzen gaitu zer gutxi dakigun artearen historiari buruz. Geure buruari galdetzen diogu zergatik ez dugun muturren aurrean daukagun artelanaren egilearen izena ezagutzen, izugarrizko artelanaren aurrean gaudenean eta aportazio ederra egiten dionean abstrakzioaren garapenari.

Horrekin batera, erakusketak zalantzan jartzen digu abstrakzioaren betiko kontakizuna. Alderdi plastiko eta formaletatik aparte, egon ziren abstrakziora iristeko beste bideak ere, esate baterako erakusketari sarrera ematen dion espiritismo eta teosofiarena. Kontuan izanda praktika horietan emakumeak nagusi zirela XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, harrituta begiratzen diegu Georgiana Houghton ingelesak paper gainean pintatutako akuarelei eta gouacheei. Historiografia tradizionalaren arabera lehendabiziko lan abstraktua Kandinskik pintatu zuen, 1910ean, horregatik gure harridura, inoiz ez direlako kontuan izan Houghton edo Hilma af Klinten lanak. Hala ere, konpetizioak alde batera lagatzeko proposamena izan daiteke erakusketaren ekarpen nagusia. Zergatik tematu hainbeste zein izan zen lehenbizikoa? Erakusketak, aldiz, beste zerbait proposatzen du: abstrakziora iristeko bide ezberdinak egon ziren, eta guztiek eraiki zuten errealitate bisualari begiratzen ez zion arte mota bat, gerora abstrakzio modura izendatu genuena. Ekarpen guztiak interesgarriak izan dira, baina onartu dezagun emakumeen esperientziak gizasemeenak bezain interesgarriak eta erabakigarriak izan zirela hurrengo belaunaldikoentzat. Abstrakzioaren ibilbidea ez da pertsonalitate solteen lorpen heroiko maskulinoa.

Zorionez, historia aldatzeko ahalegin ugari egin dira azken 30 urteetan, eta ikerketa horien guztien emaitza da Guggenheimen ikus dezakegun erakusketa. Hemendik aurrera, erakusketan modu labur batean proposatzen diren mila eta bat kontakizunen hariei tiratzeko ordua izango da: abstrakzioa eta dantza, abstrakzioa eta argazkigintza, abstrakzioa eta oihalgintza, mendebaldekoak ez diren abstrakzioak eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.