Josu Goikoetxea.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia

Entxufatuta

2013ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Zer gozamen, zer berotasun, zer sei bertsolari herenegun Altsasuko Burunda pilotalekuan. Zer alde etxeko pantailako hoztasunetik, aulki estu deserosoko dardarizora. Bertsoaz erabat gozatzeko, lekuan izan behar da, #horihalada.

Sei bertsolari onena ematen, gorabeheratsu, baina gozarazten. Seiek utzi zuten domekan ale ederrik —batez ere bakarkakoetan—, eta entzuleak haiek hartzeko saskia prest zuen, eskuzabal, bertso on bakoitzeko txalo zaparrada botaz.

Orain, testu hau pixka bat dibertigarri bihurtzeko, esan dezadan ez nagoela ados epaimahaiaren ebatziarekin. Uste dut puntu gehiegi pilatu zituela Gaztelumendik, edo gutxiegi gainerakoek. Kontuak argitzeko: asko maite dut Beñaten bertsokera, eta igandean baino askoz hobeto kantatzen entzun dut. Beraz, ez dut uste goia jo duenik txapelketa honetan. Gero, nik neuk zalantza dut kartzelakoan, nahiz eta bertso bikainak izan, gaitik kanpora ez ote zen ibili lehen bi bertsoetan. Oker nago, beharbada, eta astia izan dudan arren, ez ditut bertsoak berriz entzun, nahita.

Asko gustatu zitzaidan Oihane Pereak saio osoan zehar erakutsi zuen jarrera, bertso oso txukunak emanez eta —ez dut paternalista izan nahi, baina——Arabaren ordezkaritza bikaina eginez.

Erika Lagomak jauzi handia egin du azken urtean: duela urte batzuk txapelketa uztera bultzatu zuen trago txar batek; herenegun, puntu erantzunetan izan zuen bertigoa gaindituz, bera izan zen onena hamarreko txikian, nire koardernoan, behintzat. Eta gero bakarkako zoragarria ondu zuen.

Silveirak saioko ale onenetakoak utzi zituen: zortziko txikiko bigarrena eta lehen puntu erantzuna, baina nago bi bertso horiek handi egiten dituzten tasunak berak (Silveiraren autoaipamena) kalte egiten diola txapelketako ofiziotan. Oso pertsonaia indartsua eraiki du Xabierrek, eta uste dut horrek kalte egiten diola pertsonaiak gorpuzterakoan. Bakarrean, maisu, agian hirugarren bertsoko errima aztertzekoa.

Irazu asko gustatu zitzaidan. Egia da plazan asko seriotu dela gizona, lepoan zama bat balerama bezala. Ez dakit. Hala ere, beti da gustagarria larrauldarra entzutea, eta igandean onenetakoa izan zen. Antologikoa izan zen bere kartzelako lehen bertsoa —halere, uste dut betelana astunegia gertatu zitzaiola beste bietan—.

Azkenerako utzi dut Unai Agirre, niri Altsasuan gehien gustatu zitzaidan bertsolaria. Ez soilik bertsoa saltzeko duen gaitasunagatik —kantaerak asko laguntzen du horretan— baizik eta bera izan zelako, nire ustez, saio osoan zehar gaitik harago joaten ausartu zen bertsolari bakarra. Gozamena zen hura entzutea.

Eta horri lotuta apunte txiki bat, nirea ez dena, saioaren zati batean ondoan izan nuen pertsonarena baino: onberegi aritu ziren bertsoaldi askotan bertsolariak (supermerkatukoan, autokarabanakoan…); errealitatean gatazkatsuak liratekeen gaietan, gatazkatik ihesi ibili ziren bertsolariak askotan. Gizakiaren miseria erakustea ere bada bertsolariaren egitekoa; ezin da beti arartekotzan ibili.

Gaiak, onak, eta aipatzekoa aurkezlearen lana. Oso egoki eta bertsolariari patxada igorriz Iker Iriarte. Zorionak.

Eta epaileei, eskerrak. Testua pixka bat dibertigarriagoa egin, besterik ez nuen nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.