espainiako orkestra nazionala
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: R. Wagner eta L. Maazelen Eraztuna hitzik gabe.
Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.
Eguna: abuztuaren 22a.
Jakina da Richard Wagnerrek sortutako Gesamtkunstwerk edo erabateko artelana kontzeptua mugarri izan zela mendebaldeko musikaren —eta artearen— historian. Funtsean, arte mota oro barne hartzen dituen artelanari egiten dio erreferentzia: musika, dantza, poesia, pintura, eskultura eta arkitektura biltzen dituen esperientzia estetikoa izango litzateke, bada, Wagner bere drama lirikoetan garatzen saiatu zena. Horren adibide garbia dira, hain zuzen, Nibelungoaren eraztuna osatzen duten lau operak, tradizio germanikoan errotutako jainko, heroi eta hainbat izaki mitologikoren arteko borrokak kontatzen dituztenak.
Gauzak horrela, liluragarria da Lorin Maazelek 80ko hamarkadan Telarc diskoetxeak eskatuta egin zuen lana; alegia, berez ia 16 ordu irauten duen tetralogia osoa disko bakar batean sartuko litzatekeen konposizio batean biltzea, betiere Wagnerren esentzia galdu gabe. Konpositorearen printzipioei jarraituz, ahotsik eta atsedenaldirik gabeko musika aurkezten digu Eraztuna hitzik gabe obrak. Baina ez da soilik pasarte ezagunen katalogoa, baizik eta arku dramatikoa bere horretan mantentzen duen berariazko pieza. Hala baieztatu ahal izan genuen Kursaalean, aipatu arkuari erabateko koherentzia eman zion interpetazioari esker.
David Afkhamen batuta zorrotz eta argia, imintziorik gabeko keinua izan ziren, ziurrenik, arduradun nagusiak, bai eta guztiz kohesionatutako orkestraren jardun bikaina ere. Rhineko urrea irekitzen duen betiereko akordetik hasi, sekula ebazten ez diren harmonien tentsiotik pasatu eta biolontxeloaren, oboearen eta metalen soinu eder eta distiratsura iritsiz, nabaria zen jarraitutasunaren barruan xehetasuna eta dinamikak doitasunez landutakoak zirela.
Wagnerren material trinko eta konplexura hurbiltzeko bide berria ireki zuen Maazelek. Baina ez zuen hori bakarrik lortu. Erabateko artelanaz ere badu zeresanik: erakusten digu akaso posible dela soilik musikarekin gainontzekoak biltzea. Behintzat, ostiralean bezala, sen onaz gidatzen denean.