Artea. Kritika.

Erakutsi beharrekoak

2024ko otsailaren 13a
05:10
Entzun

'isabel azkarate. arte eta parte'

Non. Donostiako San Telmo museoan. Noiz arte. Maiatzaren 5era arte.

Ez da ohikoa hiri bereko bi instituzio ezberdinetan, eta aldi berean, artista berari eskainitako erakusketak izatea. Artistaren inguruko gertaera bereziren bat denean suertatu ohi dira horrelakoak, urteurrenetan gehienetan. Aurtengoan, seguruenik izango dugu horretatik. Askok espero ez genuena, ordea, orain arte hain ikusgarritasun eskasa izandako Isabel Azkarate argazkilari donostiarrarekin halakorik egitea zen. Hain zuzen, une honetan bi banakako baititu Gipuzkoako hiriburuan: bata Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean, eta bestea, berriz, San Telmo museoan. Ezaguna da bi instituzioen arteko harreman estua, eta tarteka egiten dituzten elkarlanen testuinguruan koka dezakegu ondorengo proposamena ere.

Arratsaldea edo goiza aprobetxatuz, beraz, Azkarateren monografiko bat egin daiteke hirian; eta horixe egin genuen: lehenik eta behin Kutxako erakusketa ikusi, eta jarraian, berriz, Urumea ibaia eta loreztatu berri diren Nartzisoen arteko paseoa hartuta, San Telmokora inguratu ginen; zeina izango baiten artikulu honen ardatz.

Museoko proposamenaren izenburuak azpititulu bat du: Arte eta parte, eta Kutxako erakusketa ikusita, zuzenean egiten da harekiko lotura: erakusketa hartako azpieremuetako baten titulua baita. Beraz, eta itxuraz behintzat, San Telmokoan, Kutxako erakusketaren baitan aurkeztutako azpigai zehatz horretan gehiago sakontzeko eskaintza da; ez kasualitatez, gaitzat artearen esparruarekin lotura estuena duen atalarena. Oso erakusketa txikia da; ez soilik espazioa bera izatez txikia delako —Laborategian dago ikusgai—, baizik eta espazioko hormetako bat eta aretoaren erdian eraikitako triangelu formako egituraren gainazalak bakarrik erabili direlako argazkiak eskegitzeko.

Erakusketaren estetikak ere zuzenean egiten du Kutxakoarekiko lotura: bereziki artelanen multzokako instalazioek eta espazioaren antolaketak argi uzten dute bi erakusketen arteko elkartze zuzena; baita bi erakusketetan errepikatzen den argazki tipologia baten agerpenak ere: euskal artisten erretratuak. Dena den, hain erakusketa txikia izanik, beharrezkoa ote zen erretratu mota hauek bi espazioetan agertzea? Izan ere, errepikapen sentsazioa sortzen da bi erakusketak ikusi dituen ikuslearengan, nahiz eta San Telmoko argazkietako protagonistak ezberdinak izan; eta sentsazio hau gainera azpimarratu egiten da, azken honetako proposamenean ez baitira Azkarateren argazki asko aurkeztu denetara ere. Kutxako erakusketaren tamaina kontuan hartuta, San Telmon erretratu mota hauei protagonismo osoa ematea agian egokiagoa zatekeen.

Triangeluaren barnealdeak Natur Historiaren Amerikar Museoaren biltegietara garamatza; erakusten ez den horretara. Amerindiar eta afro-amerikarren bustoen argazkiak dira.

Azken erakusketa honetako beste bi azpigaiek museoetara garamatzate. Egitura triangeluarraren kanpoaldean, erakusketa aretoetako bat-batekoak agertzen dira: bisitariek artelanen aurrean dituzten jarrerak eta erreakzioak. Intentzio osoz, Guerrilla Girls-ek garai hartan egindako aldarrikapena ilustratzen du Azkaratek serie honekin, erretraturik gehienetan behatuak diren gorputzak emakumezko biluzienak baitira.

Triangeluaren barnealdeak, berriz, Natur Historiaren Amerikar Museoaren biltegietara garamatza; erakusten ez den horretara. Amerindiar eta afroamerikarren bustoen argazkiak dira; apaletan bilduta agertzen dira. Erretratu hauek garaiko ikuspuntu kolonialaren baitan ikerketa kasu gisara tratatuz, edo, besterik gabe, haien hazpegien exotikotasuna zela eta egindakoak, oso praktika ohikoak ziren garaiko mendebaldeko gizarteetan. Gero, berriz, iraganaren lotsaren lotsaz, hainbat lekutan, biltegietan ezkutaraziak izan dira —Azkaratek topatutakoak, kasurako—. Argazki multzo honek ezinbestean gogorarazi zidan orain dela gutxi Irutxuloko Hitza-n Xalba Ramirezek argitaratutako Senegaldarrak Monte Igueldoko giza zoologikoan artikulua. Nork du egun haren berri? Nork gogoratzen du gertatutakoa? Ekimen hura ere, XX. mendearen hasierako testuinguru kolonialistaren baitan egin zena, lotsaren lotsaz ezkutarazia izan da; segur aski, ezkutaraziak izan diren beste hainbat gertakarirekin batera. Ondorioz, gizartean euskaldunon ustezko iragan aratz baten mitoa sorrarazi da; are gehiago indartu dena erakusketa gehienetan soilik kanpoko testuinguruetako kritika postkolonialak aurkeztu direnean; bertan halakorik izan ez delako irudipena indartuz.

Azkarateren argazki hauek Donostian ez ezik, Natur Historiaren Amerikar Museoaren hormetan ere eskegi beharko lirateke; eta hemen ba… hemen badago oraindik lana egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.