ARTEA. BEGIZ

Eremuak

Ismael Manterola
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Kultura Saileko aldaketa politikoekin batera aldaketak ailegatu dira arte plastikoen kudeaketara ere.

Aurten Kultura Sailekoek sormenerako laguntzak eskatzeko Eremuak programa aurkeztu dute. Horren arabera, zentzuzko aldaketak sartu dituzte urteroko laguntzen eskaeretan, adibidez epeei buruzkoak, hemendik aurrera ez direlako urte barruan egindakoak bakarrik lagunduko.

Hala ere, Eremuak izeneko ekimenak komunikazio arazoa duela iruditzen zait. Deialdiaren aldaketak prentsan irakurri nituenean, ez nuen ezer ulertu, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzatik bidalitako mezuan atxikitako testura zuzenean jotzea erabaki nuen. Baina lau orritan idatzitako prentsa oharra ez zen egunkariko ohar laburra baino argiagoa, beraz, gauza handirik ulertu gabe jarraitu nuen.

Ez naiz kazetaria, baina prentsara bideratutako oharrak helburua labur eta argi azaldu beharko luke, bestela, zail xamarra izango da egunkarian argitaratutakoak transmisio funtzioa betetzea. Hona hemen Eremuak izeneko ekimenaren aurkezpen gisa aukeratutako esaldia: «Hona Eremuak, Kultura Sailaren ekimena, gizarte garaikidearen testuinguruan artearen sistema etengabe optimizatzeko programa ireki baten bidez Eusko Jaurlaritzaren kultur politikaren jardute eremua inplementatu eta birdefinitzeko ekimena». Lau lerro beherago: «Hona hemen Eremuak ekimena. Kultura Sailak, Eusko Jaurlaritzaren politika kulturalaren jarduera eremua inplementatzeko eta birdefinitzeko asmoz, artearen sistema gizarte garaikidearekin bat eginez optimizatuko duen programa irekia eta jarraitua jarri du abian».

Filosofia atalaren barruan: «Programa irekia, aurretik izan diren ikuspegi eta jarduteko moduekiko disruptiboa [xuxenek azpimarratuta], testuinguru eta motibazioak, berezkoak zein intuizioz jasoak, sortzeko eta inplementatzeko asmoa duena». Lau lerro aurrerago: «Programaren misioa testuinguru jakinak edo intuizioz jasoak identifikatzea eta inplementatzea da, [...]». Aurrerago: «Arte garaikidea testuinguruen identifikaziotik eta inplementaziotik abiatuta aztertzea, [...]». «Inplementatzea» hitz gakoa baino gehiago errepikatzen dena «irekia» da, lau orriko testuan gutxienez 9 aldiz azaltzen baita «irekia» hitza.

Hurrengo baterako, aurkezpenaren izenburuan aipatzen den «gizartean zabaltzeko espazioa» izateko asmoa hobeto «inplementatzea» espero dugu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.