gorka erostarbe leunda
ANALISIA

'Eros' nazazu

2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Izenburuak erakarrita eta pentsalari mediatiko izarrek sortzen didaten interes/errezelo dikotomia gaindituta —Zizeken tankeratsuko ospea hartzen ari omen da ezkerreko pentsalari postmodermo gisa—, heldu nion irakurketari, gaztelaniaz. Intereseko egin zait Byung Chul Han filosofo korear alemaniartuaren La agonía del Eros. Kezka iturri agorrezin dudan gai bati heltzen dio, modu aski erakargarrian. Garai ultra azkar eta ultra teknologikootako nora eza...

Eros-a —greziarren zentzuan ulerturik— galbidean omen dugu, itota, agonian. Tanatosekin inoiz baino dantza estuagoan. Bestearenganako desioa da eros-a, bestearenganako interesa, hortaz. Eros-aren bidez bestearen presentziaz jabetzen gara, alteritateaz. Bestearekiko desio edo interes horrek pizten digu jakin-mina. Eros-a da jakintzarako bidea, Chul Hanen aburuz. Galtzear dugu jakin-min hori, eta galtzear ditugu esperientzia partekatuak. Nor bere burbuilan sartuta. Nor bere buruaren esklabo da egun, pentsalariaren iritzian. Lehen, sistemak esklabotzen zuen langilea; orain, langileak berak esklabotzen du bere burua, dena produktibitate jainkotuaren meneko. Eros-a galduta, egonarzisismoan guztiz amilduta, antsietatea eta depresioa ditu gizakiak ohiko bazka, gaizki deituriko mendebalde aurreratu honetan...

Eta pentsatzen jarrita, euskaraz eros aditzak izenda dezake ederki egungo bi hankako sapiensari gertatzen zaiona. Bere burua etengabe saltzen duen neurri berean erosten du, ia dena jarduera merkantilista batera mugatuz. Eta eros aditzari zentzu grekoa erantsiko bagenio, eta hasiko bagina berriro erosten, bestea erosten eta eros gaitzaten uzten...

Oharra: apirilaren erdialdera Gutun Zuria jardunaldiek Eros gogoan izango dute izenburu, Bilbon. Zer nahi dugu, bertara joango diren idazleak eros ditzagun, ala haiek gu eros gaitzaten?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.