Fontana di Trevin nago, uretatik oso gertu, tonu berdearen zergatiari buruz hausnartzen. Nire inguruan, atzean, aurrean, jende asko dago, hitz egiten, selfie-ak ateratzen, aterkiekin elkarren artean jotzen, txanponak uretara jaurtitzen. Filippok buruarekin ezetz egiten du. «Hau ezin da jasan». Jendetzari buruz ari da. Filippo Erromakoa da. Ni Tolosakoa naiz. Fontana begiratzen dut, haragia harri zurian izoztuta, iturriaren jarioa, putzu turkesa… nik jasan dezaket.
Hiritik Maria, Filippo eta ni goaz, irudien bila. Ni mozorrotuta nago, bideorako, edo bueno, berezi jantzita, ez oso eroso, eta beraz, atzetik noa, ez baitut haien erritmoa hartzen. Euria egiten du noizbehinka, haizea, gero gelditu egiten da, eta eguzkia ateratzen da. Kaleak eta kaleak pasatzen ditugu, guztiak eskulturaz beterik. Birjina bat, euriaren azpian, eguzkiaren azpian. Obelisko bat, Neptuno bat, isilik, geldi, denok zaparradarekin korrika egiten dugun bitartean.
Bizitza gauza guztiei deitzen diogu, baina nola izango ote da gauza bera bizitza deitzen diogun esperientzia hori, Erroman bizi den norbaitentzat, edo esaterako, Gipuzkoako edozein herritan jaio den norbaitentzat? Egunero eszenak, poseak, marmola bere portaleko atean dauzkan batentzat edo etxetik atera eta konstruktora berak eraiki dituen hamar mila etxe gris, karratu eta berdin ikusten dituen norbaitentzat, kalera jaitsi eta Eroski bat topatzen duenarentzat? Konparazioa mundu aburgesatuan utziz, noski, zer esanik ez maila jaisten badugu.
Eguna amaitzear dago, eta eguzkia desagertzen grabatu nahi dugu. Filippok lorategi batzuetara eramaten gaitu, hiri guztia ikus daitekeen leku batera. Iritsi, eta usaina ezagutzen dut, mandarina usaina da. Mandarinondoz beteriko lorategi batera ekarri gaitu. Familia bat manta batekin lurrean dago, musika gitarra batekin jotzen, erretzen eta edaten. Gainerakoak turistak gara, Filippo molestatzen dugun bitartean, liluraz hiri guztia argi laranja eta arrosez estalita ikusten.