Artea. Begiz

Ertibil

Ismael Manterola
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gure Artea sariak erakusketa antolatzea baztertu duen momentutik, Euskal Herrian egiten den artea zuzenean ikusteko aukera gutxi ditugu. Aldundien esku geratu da, beraz, gaur egungo artelanak gizartearen aurrean erakusteko ekimena.

Gipuzkoan, artista berrientzat antolatzen den noveles izeneko lehiaketak, eta Bizkaian, parekotzat har daitekeen Ertibil izenekoak, gazteen artelanak saritzea eta erakustea dute helburu. Ez dut lehiaketa sistema gehiegi defendatuko, ezta sari maila ezberdinen sistema hierarkikoa ere, baina ez dut uste aurten Jaurlaritzak Gure Artearekin egin duena hobea denik.

Sarien bidez, artisten artean dirua banatzea ez da berez gauza txarra, nahiz eta lehiakortasuna ez dirudien arteari edo kulturari lotutako zerbait. Hala ere, literatura sariek izan dituzten arazoak sumatzen dira arte plastikoen lehiaketetan ere. Arazoak daudela jakinda, aurtengo Gure Artea sarietan sistema bera ezartzea da harrigarriena.

Badirudi artisten lana sustatzeko diru laguntzak ematea dela egokiena; baina, bai Gipuzkoako Aldundiak, bai Bizkaikoak dirua banatzen dute artisten proiektuak laguntzeko, eta horregatik ez zait zeharo desegokia iruditzen sarien bidez dirua banatzen segitzea; eta gainera, erakusketen bidez, jendeak artista gazteak gaur egun egiten ari direna ikusteko aukera izatea.

Aurreko hilean, Gipuzkoako artista berrien lehiaketan aukeratutako eta saritutako lanak ikusteko aukera izan genuen, Donostiako Koldo Mitxelena aretoan. Erakusketa txukuna, eta lanak batez besteko maila altukoak zirela esan dezakegu. Oraingo honetan, Bizkaikoari tokatu zaio, Bilboko Rekalde aretoan jarri duten Ertibil izeneko erakusketan. Hemezortzi gazteren lanekin batera, aurtengo ekitaldiko sariak ikus ditzakegu: Alain Urrutiaren koadro grisa, Unai Requejo eta Miriam Isasiren barrea eragiten duen bideoa, eta Manu Urangaren diapositiba sorta.

Bi aldundien ekimenen bidez, aurten, gutxienez 43 artista berrien lanak ezagutzeko, ikusteko eta entzuteko aukera izan dugu: 22 Bizkaian eta 21 Gipuzkoan. Noizko Euskal Herri mailako erakusketa, nahiz eta lehiaketarik ez egon?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.