Ismael Manterola
Artea. Begiz

Eskubidea

2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Interesgarria iruditu zitzaidan aurreko igandean BERRIAn Irune Lasak sinatutako erreportajea Altamirako kobazuloari buruz. Arazo baten aurrean jartzen gaitu kobazuloa kudeatzen duen erakundeak jendeari berriz ere zabaltzeko hartu duen erabakiak.

Aspaldian itxi zuten Altamira bisitatzeko atea, historiaurreko pinturak oso kaltetuta zeudelako hamarkadetan turismorako intentsiboki ustiatu ondoren. Halabeharrezko erabaki horrek kalte handia egin omen zion inguruko lurraldearen turismoari, nahiz eta datuak hain argiak ez izan, Altamiraren erreplika eta museoa zabaldu ondoren bisitarien ugaltzea sumatu zen eta.

Orain dela urte batzuk, Kantabriako presidente populistak Altamira berriz zabaltzeko erabakia iragarri zuen, nahiz eta zientzialarien iritziak kontra izan. Orduan hasi zen aipatzen jendeak Altamira bisitatzeko, ikusteko eta gozatzeko zuen eskubidea.

Igandeko artikuluan behin eta berriz errepikatzen den hitza da, Altamira zabaltzearen aldekoen ahoetan batez ere. Baina baita ondarea kudeatzen duten politikarien iritzietan ere. Nola uztartu ondarearen babesa eta ondare historiko artistikoa gozatzeko eskubidea? Behin eta berriz ondarea zaintzearen ardura dutenen esaldi gogokoena da, batez ere zientziak babesten ez dituen erabakiak hartzear daudenean.

Azken boladan eskubideen katalogoa izugarri zabaldu dela iruditzen zait. Interes berezi batzuk defenditzeko eskubideak hitza erabiltzen da. Ondareaz gozatzeko dugun eskubidea babestearen gainetik jarri behar omen da, ez birziklatzearen eskubideaz hitz egiten den gisa berean, edo jaio aurreko eskubideei buruz hitz egiten den era berean —irakurri nuen egunkari batean umeen eskubidea zela Gabonetako argiaz gozatzea Donostiako Udalak argiak murriztea erabaki zuenean—.

Nire ustez, eskubideen esparrua hainbeste zabaltzen da benetako eskubideak estaltzeko. Giza eskubideak edo lan eskubideak hain gutxi zaintzen direnean, barregura ematen du eskubide berezi horiei buruz hitz egiten entzuteak. Azken finean, estrategia zaharra da: ideia edo helburu argi baten alde egiten denean, ideia edo helburu horiek ez betetzeko gogoa dutenek ideia eta helburu horiek ezerezean desegiteko ahalegina egitea.

Dena eskubidea bada, benetan lortu ditugunak eta lortzeko ditugunak ezerezean galduko dira; beraz, ez daukat argi ondareaz gozatzeko eskubidea den edo ez. Seguru asko eskubidea izango da, baina hitzekin tentuz ibili beharko genuke, interes batzuen arabera erabiltzen direnean. Guztiok ikusi nahi dugu Altamira, baina zertarako? Bertan egon garela edo ikusi dugula esateko? Artelanak zuzenean ikustearen aldekoa naiz, baina harrigarria egiten zait jende guztiak historiaurreko pinturen gainean hainbesteko interesa izatea. Ez al gara ari ondareaz gozatzeko eskubidea eta masa turismoa egiteko eskubidea nahasten?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.