Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Esperimentala

2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Esan izan da artea funtsean dela esperimentala, ez dela bere horretan esperimentala ez den arte jardunik, hitzaren jatorrizko esanahian. Esperimentatzea (esperimentatuz sortzea) dela hain zuzen ere artearen ezinbesteko baldintza bakanetakoa. Horrela, artearen definizioak gainditu egingo luke halabeharrez ezarri zaion izendapen ofizial motza, zer den eta zeri dagokionaren araberako aurreiritziak behin eta berriro eguneratuz. Ondorioz, artea jardun esperimentaltzat jotzen dugunean, ez ginateke soilik forma eta irudiari buruzko prozeduraz ariko, gizarte arau eta mugak kolokan jartzeko izan dezakeen dohaina ere aintzat hartu behar genuke, gaur egungo arteak ere iraganeko abangoardia historikoetan dituen sustraiak aitortuz.

Ikuspegi klasikoan saiakera esperimentaltzat hartu ohi da diziplina desberdinen arteko gurutzaketa. Lerroaren beste aldean kokatuko litzateke esperimentu zientifikoa, akademia eta ikerketa guneen giroari lotua, kontrolatutako baldintza eta prozedura zorrotzak dituelarik ezaugarri. Kontrajarritako arloak diruditen arren, engaiatze luze bezain emankorra izan dute historian zehar, esperimentatze proposamenak parez pare jarriz, eta hurbilketa desberdinak modu kritiko eta osagarrian praktikara eramanez.

Iragan mendean sona hartu zuen artistek zientzia eta teknologia jakitunekin elkarlanean aritzearen komenentziak. Positibismo iragankor moduko bat, modernitatearen hondarrean. Arteak mundu errealean zuzenean ekin eta eragina izateko bidea horixe zen ustea nagusitu zen, zaharkitutako errepresentazio abstraktutik harago.

Ohikoa bihurtu zen, adibidez, artista eta programatzailea elkarlanean jartzea, zientziaren eta humanitateen arteko gainezarketa, jendartearekiko eragiketa zuzenak probatzea, jakintza arloak nahastu eta baldintzak eratzearekin ziurtatuta balego bezala emaitzaren balio erantsia. Era honetako ikerketen ekarpenen artean estimatzen zen, bestela lausoa litzatekeen artearen eremua eginbehar erabilgarrian kokatzen laguntzea, artearen betiko bisualizazio forma izaera soila gaindituz, nolabait, edota aldamenetik ezartzen zaion funtzio sinbolikoarekiko subordinazioa saihestuz.

Egun badirudi boladan dela berriz halako ustea, 1960ko hamarkadan loratzen joan ziren mugimenduen ondorioz mamitutako prozesuen antzeko simulakroak maila instituzionaletik sustatzen zaizkigunean. Diskurtso ofizialaren baitan kokatuz doa mugarriak eraistearen aldarria, esparruen arteko koskak gainditzearen lelo liberala, halako keinuak besterik gabe ikerketa hertsia eremu zabalagorantz eramango lukeen usteak bultzatuta. Itxurazko parekotasunaren aurrean, non dago desberdintasuna? Zeintzuk lirateke joera nagusi hori higiarazten duten motor sozial, politiko eta ekonomikoak?

Gauzak horrela, saiakera kritiko teorikoak diziplina arteko hartu-eman eredu mekanikoegitik diziplinaz zeharreko kontzeptura iragan dira, gainezarketa horiek ezagutza finkoen mugak hobetu ditzaketelakoan. Diziplina arteko elkarlan konbentzionalak bi jakintza alorren barne behar komunak zerbitzatzen zituen, diziplinaz zeharreko ezagutza, aldiz, arazoen inguruko baldintzak aztertzera legoke bideratua.

Artearen baliatze tradizionala eta diziplinaz zeharreko saiakeraren arteko desberdintasuna ikuspegiaren ideologian legoke: tradizionalki izendatutako sailean kokatu ordez, arteari dagokion lekua, esparru publikoa bestelako eran kodifikatzeko zilegitasuna eman diezaioke artistak bere buruari, balizko egoeran eragiketa pragmatikoan txertatuz osagai estetikoa.

Aurreko belaunaldietako ikerketa enpirikoen nagusitasunarekin alderatuz nabarmenagoa dirudi baina esperientzia estetikoarekiko interesak gaur egun, zentzurik osoenean ulertuz estetikaren nozioa, bere baitan jasoko lukeelarik afektu, sentipen, pertzepzio, portaera eta irudimenaren ikerketa aplikatua. Bizitza-sistemen arteko erlazioak, zeharkako prozedurak eta garaiaren baldintzak ulertzeko baliabide konkretua litzateke horrela arte jarduna: bestela esanda, jakintza eta praktika desberdinak gurutzatzen dituen lerroan legoke txertatuta.

Artearen historiak berezko joeratzat izan du zientzia eta teknologiak ekarritako berrikuntzekiko konpromisoa. Izan ere, metodo artistikoak berez lirateke esperimentalak, hibridoak eta potentzialki zeharkakoak; eta horregatik atxikituko litzaizkieke egokiro hogeita batgarren mendeko politika globalaren ezaugarri eta ñabardurei. Hortik, erlazio konplexu, mediazio eta gertakizunen premian kokatuko luke gero eta gehiago bere erdigunea arte jardunak.

Instituzioak diziplina aniztasun eta artearen heterodoxiaren ustezko defendatzaile bilakatu izana ditugun arazoen eskala eta konplexutasunaz jabetzearen ondorio izan daiteke, agian. Halakoxea litzateke-eta adierazpen esperimentalen testuinguru aldaketa nabaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.